Lainoa goititzen hasi da

Erabiltzailearen aurpegia Izaskun Igoa Jaimerena 2019ko ots. 20a, 08:09

Lainoa zokoen zokoraino sartu da eta harri bide honetan ez ditut metro bat haratago dauden arbolak ikusten. Herrian ere ez da etxerik ageri, dena laino kapak estali du. Belai berde, zeru, hosto, erreka, animalia eta gainerako izakiak ez dira ikusten. Badirudi, egunero ikusten dudan oro ikusiko ez banu zer sentituko nukeen demostratu nahi didala lainoak.
Zerbait oroitarazi nahi izanen balit bezala.

Eta gu ere ez gara naturatik hain diferente, harenak izanik. Guk ere batzuetan lainoak egiten duen gisan estaltzen dugu geure burua, bertzeen begiek ikustea nahi ez duguna gordez. Bertzeek ez badute ikusten guretzat ikusgaitz bihurtuko delakoan. Baina lainoak besoen artean hartzen duen dena bihurtzen du ikusgaitz, ikustea nahi ez duguna bai eta ikustea nahi duguna ere. Norberaren ezaugarri bakar, bereizgarri, sormenaren sortzaile izan litezkeen altxor ttiki horiek denak altxatuz.
Abiadura mantsotu dut etxera beranduago iristeko, bitartean zuek denon bitxikeria horiek zein diren pentsatuz, zuen lainoak zer gorde lezakeen konturatuz; etxean sartu ahala etxeko paretak irriz paratzen dituenaren alaitasuna, hanka-puntetan ibiltzen den haren arintasuna, begietara begiratu ezin duenaren lotsa, hitzak galdu zituenaren begirada, tristura azaleratzen duenaren gardentasuna, gitarraren sokak indarrez hartu dituenaren instintua, etxeko eskailerak lau saltotan igotzen dituenaren bizi-gogoa, mahai-ingurua begirada gordez grabatu duenaren isiltasuna, hainbertze ematen dakienaren maitasuna, zerbait kontatzean detaile ttikienak alde batera uzten ez dituenaren artea, zakurrekin solasean orduak pasatzen dituenaren jakintza, koloreak berriz ikustea lortu dituenaren indarra, urtean behin edo bitan elkarrizketa amaigabea sortzen laguntzen gaituenaren ilusioa, bertzeen onena ikusi dezakeenaren desioa, beldurrak onartzeko beldurra galdu zuenaren kemena. Eta abar luze bat, egunero bista propioa sendatzeko laguntzen duten parajeak eskainiz.
Lainoa goititzen hasi da, honek ere, guk bezala, egunero modu propioa du goititzeko. Berak utzitako hutsuneen arabera sartu dira eguzki izpiak, inguruan sortu duen argia errepikaezin bihurtuz.
Geure distira pasatzeko tokirik uzten dugun begiratzea oroitarazi nahi zidan gaur lainoak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun