Baztango Udalak zerbitzu anitzeko lanetarako bi lagun kontratatzeko deialdia egin du

Ttipi-Ttapa 2019ko ots. 16a, 10:00

Sei hilabereko iraupena duten bi kontratu egitea aurreikusi dute eta interesatuek dokumentazioa otsailaren 28rako aurkeztu behar dute.

Baztango Udalak zerbitzu anitzeko lanetarako eta desbrozatzeko traktore gidari aritzeko aldi baterako kontratatuak egiteko deia egin du. Sei hilabetetarako bi kontratazio egitea aurreikusi dute eta langabetu gisa izena emanda dauden pertsonak kontratatuko dituzte.

Bi lanpostuak lanaldi osokoak izanen dira, D mailako ordainsaria izanen dute. Lanpostu bat desbrozatzeko traktore gidarirako izanen da eta bertzea zerbitzu anitzetako eginkizunetarako. Bere funtzioak enplegu babetuko lan-taldearekin batera eginen ditu.

Baldintzak eta dokumentazioa

Lanpostuok betetzeko hainbat dira bete beharreko baldintzak: eskolako graduatuaren titulua, langabezian egotea eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuari atxikitako Enplegu Agentziaren batean enplegu eskatzaile gisa izena emanda egotea; euskara maila ziurtatzea, C1a ahozkoan (agiririk izan ezean proba eginen da); eta B1 motako gidabaimena beharko da.

Baldintzok betez gero, deialdian parte hartzeko Baztango Udaleko bulegoetan ondoko dokumentazioa aurkeztu behar da otsailaren 28a baino lehen: NANa, titulazio akademikoa eta merituak (ikastaroak eta lan esperientzia). Informazio gehiago 948 58 00 06 telefonoan edo Baztango Udalaren web orrialdean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun