Emakumeen ahalduntzerako tailerra eginen dute Elizondon otsailaren 23an

Ttipi-Ttapa 2019ko ots. 15a, 14:04

‘Ekonomia sentitzeko tailerra’ antolatu du Baztango Berdintasun Zerbitzuak eta gaur bukatuko da izena emateko epea 

Emakumeen ahalduntzerako tailerren baitan, Baztango udaleko Berdintasun Zerbitzuak antolatuta, ‘Ekonomia sentitzeko tailerra’ eginen dute otsailaren 23an Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean, larunbatean 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.

Emagin formakuntza, ikerketa-dokumentazioa eta ekoizpeneko kide batek eskainiko du tailerra, euskaraz. Tailerrak hainbat helburu izanen ditu: ekonomia feministaren oinarrizko kontzeptuak ezagutzea, bizitzaren arlo guztietan ekonomiarekin dugun harremanari buruzko gogoeta egitea eta ekonomiaren ikuspegi ortodoxo kapitalistat eta androzentrikoen aitzinean, proposamen alternatiboen gainean eztabaidatzea.
Edukiei dagokienean, sexuaren araberako lan banaketa; patriarkatua eta kapitalismoaren arteko alianza; emakumeak, enplegua eta prekarizazioa; zainketa lanen etika; bizitzaren jasangarritasuna; eta elkarmenpekotasuna, ekodependentzia eta ahultasunak landuko dituzte.

Parte-hartzea doan izanen da eta asistentzia ziurtagiria emanen dute. Plaza mugatuak izanen dira, beraz, komenigarria da lehenbailehen izena ematea. Gaur akituko da izena emateko aukera, Berdintasun Zerbitzuetara deituz (948 580006) edo epostaz, berdintasuna@baztan.eus helbidera bidaliz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun