Frantziako Biovallée lurralde marka ezagutzera ibilaldia eginen du Arras Baztanek asteburuan

Frantziako Biovallée lurralde marka ezagutzera ibilaldia eginen du Arras Baztanek asteburuan
Biovalléen nekazarien %40 ekologikoan ari da eta produkzioaren %50 kalitatezko zigiluekin merkaturatzen dute.

Arras Baztan fundazioak Frantziako Val de Drôme eskualdeko Biovallée lurralde marka ezagutzeko ibilaldia eginen du asteburuan. Fundazioa osatzen duten elkarteetako hemeretzi kide abiatuko dira igandean goizean goiz garapen iraunkorrean aitzindaria izan nahi duen eskualdea ezagutzeko. 

Hamarkada osoa da ibilbide horretan inguruko eragileak elkarlanean hasi zirela eta horretarako Biovallée lurralde marka sortu zuten, egitasmo kolektiboa bideratu ahal izateko tresna. Val-de-Drómen proiektu desberdinak ezagutzeko egitaraua osatu dute astelehenerako, horrela, bertzeren artean elikadura eta nekazaritzaz ariko dira, turismo iraunkorraz, etxebizitza eta ingurumen egitasmoetaz, Biovallée Le Campus ekogunea ere ezagutuko dute eta Les Amanis etxalde ekologikoaren proiektu pedagogikoa ere bai.

Biovallée lurralde proiektuaren bidez bertako baliabide naturalak zaintzeko lurraldea antolatu nahi dute, baliabide horiek herritarren beharretarako egoki erabili eta garapen iraunkorrerako berrikuntzak bultzatzeko eta horien hedapenean laguntzeko eskola-lurraldea izan. 

Biovalléen, adibidez, nekazarien %40 ekologikoan ari da eta produkzioaren %50 kalitatezko zigiluekin merkaturatzen dute, bai babestutako indikatzaile geografikoen bidez, bai jatorri deituren bidez. Bertzalde, energia berriztagarrietan ere egitasmo desberdinetan ari dira. 

Arras Baztan marka eta fundazioa joan den irailean aurkeztu zuten bertako nortasunean eta lurraldean oinarritzen den tokiko garapen sozioekonomikoa bultzatzeko ekimen gisa. Fundazioan  Baztango hainbat elkartek (Baztango Zaporeak, Apopilo, Prest!, Bertan, Baztango Artesauak) , Lanbide eskolak, Garalurrek eta Baztango Udalak parte hartzen dute.

 

TTIPI-TTAPA da Nafarroa Garaiko mendialdean dagoen euskarazko hamaboskari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aitzinera egiteko.


Izan zaitez harpidedun