Buruz buruko pala txapelketaren finala jokatuko du Xabi Ibargarai erratzuarrak

Ttipi-Ttapa 2019ko ots. 13a, 08:30
Xabi Ibargarai erratzuarrak gaur egungo txapelduna, Gaubeka izanen du arerio finalean.

Otsailaren 15ean, ortziralean 19:00etan ariko da Gaubeka bizkaitarraren kontra 

Buruz buruko pala txapelketaren finala jokatuko dute otsailaren 15ean Bilboko Bizkaia pilotalekuan Xabier Ibargarai erratzuarrak eta Esteban Gaubeka bizkaitarrak, gaur egungo txapeldunak.

33 urte dituen Xabier Ibargarairentzat (Erratzu 1985-10-19) buruz buruko laugarren finala izanen da. Aitzineko hiruak galdu egin zituen, 2014 eta 2015ean Pablo Fusto argentinarraren kontra eta 2017an Ibai Perez bizkaitarraren kontra.

Finalera ailegatzeko Ibargaraik Brefel frantziarra menderatu zuen final laurdenetan (3-2) eta Ibai Perez finalerdietan (3-2). Gaubekak, bere aldetik, gaur egungo txapelduna denez, koxka bakarra gainditu behar izan du eta Necoli irabazi zion finalerdietan (3-1).

Asteartean aukeratu zituzten Ibargaraik eta Gaubekak finalerako pilotak. Finaleko jaialdia ortziralean 19:00etan hasiko da Bizkaia frontoian. Berriki pala uztea erabaki duen Sylvain Brefeli despedida ere eskainiko diote.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun