Bertzetik, joan den larunbatean, otsailaren 9an, Elizondoko Koro Ttikik antolatu eta Baztango ikastetxeetako ikasleei zuzenduta, (eskola ttikiak, Baztan Ikastola, Lekarozko BHI, Elizondoko Eskola), musika eta abesbatzen munduan maixu den Imanol Elizasu zuzendari eta irakaslearekin tailer berezia abiatu zen Iruritako Gizarte Bilgunean. Ahots teknika eta gorputz mugimendua uztarturik, kanta estiloak lantzen hasi ziren tailerrean: klasikoak nola modernoak... enpastea, kolorea, sentimenduen adierazpena edo espresibitatea landuz.
Lehenbiziko saioan aunitz ikasi zuten eta primeran pasatu zuten. Hurrengo saioa, martxoaren 16an izanen dute, goizez tailerra eta arratsaldez Iruritako dantzariekin emanaldia; eta apirilaren 6an, ’Haur eta Gazte Kantarien Topaketan’ Elizasurekin ikasitakoa erakutsiko dute Iruritan eskainiko duten kontzertuan, Errenteriako Zaria koru eskolako abesbatzarekin batera.
Hala ere, hilabete honetan, bertze bi emanaldi izanen dituzte.
Otsailaren 23an, Elizondoko Abesbatza Ttiki eta Aieteko Araoz Gaztetxo abesbatzaren kontzertua izanen dute 18:30ean Erratzuko elizan.
Otsailaren 27an, berriz, Elizondoko Joaquin Iriarte adinekoen egoitzan ere, kontzertua eskainiko dute.