Aroztegia herri plataformak elkarretaratzea deitu du otsailaren 9an Elizondoko plazan

Ttipi-Ttapa 2019ko ots. 8a, 08:15

Aroztegiko proiektuaren kontra 2016an egin zen manifestazioa

Aroztegiko lurrak kudeatzen dituen konpentsazio batzordeak urbanizazio lanak esleitzeko prozedura publikoa abiatu duela salatuko dute larunbat eguerdian

Aroztegia eta gero…zer? Plataformak kontzentrazioa deitu du otsailaren 9an, larunbat eguerdiko 12:00etan Elizondoko plazan, Herritarrek, Aroztegia geldituko dugu! izenburupean. Plataformak salatu duenez, prentsaren bidez jakin berri dute Aroztegiko lurrak kudeatzen dituen konpentsazio batzordeak urbanizazio lanak esleitzeko prozedura publikoa abiatu duela.

Aroztegia eta gero…zer? Plataformaren oharrak dioenez, «orain badakigu zerengatik zituen halako presak Geroa Bairen gobernuak proiektu urbanistiko honen foru intereserako izendapena luzatzeko. Hauteskunde propaganda baten aitzinean gaude, dena lotu maiatza baino lehen zerbait egin dutela erakusteko. Legealdia akitu baino lehen dena lotuta utzi nahi dute ondotik inork ez dezan negozioa izorratu». 

Plataformaren ustez «lotsagarria» da Geroa Baik egin duena, «aldaketaren gobernua izan behar zena inposaketaren gobernua bilakatu da Aroztegiaren gaiarekin. Hasieratik akordio programatikoan adostu gabe zegoen puntuetariko bat izan zen Aroztegikoa. Ondotik gobernu «teknikoa» izendatu zuten eta «tekniko» nagusi bezala Manu Ayerdi izendatu zuten. Dudarik gabe bera izan da proiektu honen bulkatzaile nagusienetariko bat. Bera teknikoa bada gu bufaloak izan gaitezke».

 

«Zementua oraindik asfaltatu gabe dauden dozenaka baserrietan behar dugu»

Aroztegia eta gero…zer? Plataformaren arabera, «zementua Baztanen, oraindik asfaltatu gabe dauden dozenaka baserrietan behar dugu, hori bai dela foru interesekoa eta ez Baztango 40 hektarea lur emankorrenak hormigoiz betetzea. Nekazaritza eta turismo iraunkorrarekin ahoa betetzen zaien bitartean nekazaritzako lurrik hoberenak proiektu inmobiliarioetara bideratzen badira laister iparraldeko kostaren luzapen bat bilakatuko gara, golfean jolasten duten jende arrotzez beterik bazterrak, erderaz mintzatzen karriketan, gazteak ezin herrian geldituz errenta eta etxebizitzak garestitu direlakoz…».

Egoera horren aitzinean, «garbi erran nahi diegu isunen eta inposaketen bidez gu isilarazten saiatzen ari diren hoiei, zutik eta tinko egonen garela proiektu honen aitzinean. Modu berean, noizbait obrak hasten badira ere ez gara isilduko, zeren eta herritarrok Aroztegia geldituko dugu!», diote oharrean. Nafarroako alderdi eta sindikatu ezberdinen babesa jaso dutela ere nabarmendu dute eta herritarrei dei egin diete larunbat eguerdiko kontzentrazioan parte hartzera, denen artean Aroztegiko proiektua gelditzeko.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun