Ikasketa akaberako proiektu eta lanak egiteko laguntzak emanen ditu Baztango Udalak

Ttipi-Ttapa 2019ko ots. 7a, 19:00
Baztan ikergai duten ikasketa akaberako proiektuei 500 euroko beka emanen die Balleko Etxeak.

Proposamenak martxoaren 8rako aurkeztu beharko dira Balleko Etxean

Baztango udalak Baztan ikergai duten ikasketa akaberako proiektu edo lanak egiteko diru-laguntza deialdi berria egin du, proposamenak martxoaren 8rako aurkeztu beharko dira Balleko Etxean. Deialdian master akaberako lanak ere onartzen dira eta aurkeztutakoen artean 500 euroko lau laguntza emanen dira.

 

Deialdi honen helburua da Baztango ikasleen artean Baztani eta Baztango etorkizunari buruzko kezka eta interesa piztea eta, beraiek egin beharreko lanak edo proiektuak helburu horretarako egitea. Proiektuak eta lanak bakoitzaren ikasketa arlokoak izanen dira. 

Deialdi hau urtarrilaren 11ko Tokiko Gobernu Batzordean onartutako oinarriek arautzen dute eta udalean eskuragarri daude. 

Deialdian parte hartzeko ikasleek, eskariarekin, proiektuaren edo lanaren memoria aurkeztu beharko dute, gehienez lau orrikoa. Bertan helburuak, metodologia, iturriak, oinarrizko bibliografia… zehaztu daitezke. Memoria honek ikasketa akaberako proiektu eta lanaren tutorearen ongi ikusia beharko du. 

Aurkeztutako memoriak eta proposamenak helburu horrekin osaturiko batzordeak baloratuko ditu. Bertan Elizondoko lanbide eskolako zuzendaria, Lekarozko ikastetxeko zuzendaria, Cederna-Garalurreko teknikaria, Baztango alkatea eta udal idazkaria egonen dira. Batzordeak arloko adituekin kontsultak egiten ahalko ditu.

Eskariak aurkezteko epea Nafarroako aldizkari ofizialean argitaratu eta hilabete batekoa izanen, beraz martxoaren 8 artiokoa. Udaletxeko webgunean ere oinarriak eskuratzen ahalko dira eta edozein zalantzetarako udaletxerat joaten ahal da.

2016an lehen aldiz deialdia egin zenetik denera sei laguntza eman dira eta Baztanekin zerikusia duten lan hauek egin dira: turismoa Baztanen, XVII-XVIII. mendeetako goi-mailako etxeen tipologia,  mutil-dantzak eta emaztekien parte hartzea, Baztango haur eskolaren proiektu pedagogikoa, Amaiurko euskararen berezitasunen azterketa eta emakume etorkinen egoerari buruzko lana.

Eskariak aurkezteko epea Nafarroako aldizkari ofizialean argitaratu eta hilabete batekoa izanen da. Udaletxeko webgunean ere oinarriak eskuratzen ahalko dira eta edozein zalantzetarako, udaletxerat joaten ahal da.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun