«Euskal Herrian 'Esker 1000' dokumentala zabaldu nahi nuke»

Nerea Bazterrika 2019ko ots. 9a, 10:00
Patxi Irigoien erratzuarra da 'Esker 1000' dokumentalaren zuzendarietako bat.

Patxi Irigoien, 'Esker 1000' dokumentalaren zuzendaria

Iñigo Otaegi eta Josu Artutxarekin batera, Euskal Irratiek sustaturiko Esker 1000 proiektuaren harira, dokumental baten sortze prozesuan parte hartu du Patxi Irigoien erratzuarrak.

Ahotsa, irudia eta sormena dira Patxi Irigoienek bere ibilbidean erabili dituen lanabesak. Ikus-entzunezkoen «bapatekotasunak» erakarrita irratian eman zituen lehendabiziko urratsak; ondotik, telebistan garatu zituen gaitasunak; eta joan den urtean Esker 1000 dokumentalaren sortze- eta zuzendaritza-prozesuan jardun zuen. Negu-udaberrirako «dokumentala ezagutzera ematea» du erronka.

Ikus-entzunezko komunikazioak ikasi dituzu. Zerk bultzatuta?

Hemezortzi urte nituela, Gasteizera joan nintzen Geografia ikastera. Lehendabiziko urtean Mintzaera eta idazkera izeneko irakasgaiko irakasleak mezu bat bidali zigun Gasteizko euskara elkarte batek Radio Vitorian euskarazko saio bat egiteko lizentzia lortu zuela erranez. Hori irakurri eta animatu egin nintzen... Orduan konturatu nintzen mundu hura zela maite nuena. Apirila zen eta Geografia ikasketak uztea erabaki nuen. Ikus-entzunezkoetara jo nuen, proiektuen sormen-prozesuak eta tartekako bapatekotasunak erakarri ninduen gehien.

Euskadi Gaztea irratian aditu izan zaitugu...

Arratsaldetako 'Gaztea Box' saioan lan egin nuen. Saio berria zen baina izan nituen lankideek eskarmentu handia zutenez aunitz ikasi ahal izan nuen.

Irratitik telebistara...

Mondragon Unibertsitateak telebista ttiki bat du eta hor astero erreportajeak egiten ditu. Horretarako, urtero aurkezle bat hautatzeko casting bat egiten dute. Aurkeztu eta hautatua izan nintzen. Urtebetez aritu nintzen. Eskola ona izan zen, aunitz ikasteko eta jendea ezagutzeko aukera izan nuen eta aberasgarria izan zen.

'Bota Erronka' saioa zuzendu zenuen... Nolako esperientzia izan zen?

Hirugarren mailan telebistako entretenimendu-saioei buruzko ikasgai bat eman genuen. Azken proiektu bezala Goiena telebistako udako programazioan sartuko zen saio bat ekoitzi behar genuen. Ordura arte, aurkezle lanak egiteko ohitura izan banuen. Hortaz, bertze lan batzuetan jardutea erabaki nuen. Bertan zuzendari eta ekoizle lanak egin nituen.

'Gure kasa' saioan kolaboratzaile lanak egin dituzu... 

Gaztea Irratian bekadun nintzelarik, dei bat jaso nuen ETBko saio berri batean lan egiteko. Gazteako lankide ugari bertatik pasatu ziren, nolabaiteko harremana izanen baitzuen telebista saio horrek irratiarekin. Esperientzia polita izan zen telebistako ezaugarriak ezagutzeko eta ordura arte irratian lankide izan nituenekin pantaila partekatzeko aukera izan nuen... Bertzalde, ordea, hilabete bateko kontua izaki, ez nuen gehiegi gozatzeko aukerarik izan. Telebistara ohitzea kosta egin zitzaidan...

Euskal Telebistan esatari ere bai...

Bizpahiru aldiz zesta-puntako partidetan aritu izan naiz, Felix Espilla puntista izandakoarekin.

2018an Esker 1000 dokumentala egin zenuen...

Duela urte batzuk Italian Rokin 1000 izeneko ekimen bat hedatu zuten. Egitasmo horretan mila musikarik Foo Fighters taldearen abesti ezagun bat defendatu zuten. Euskal Irratietako ordezkariei Euskal Herrian rockak izan duen ibilbidea omentzeko halako egitasmo bat garatzea bururatu zitzaien. Laguntza eske fakultatera jo zuten.  Dokumentala hiru lagunen arteko elkarlana izan zen: Iñigo Otaegi eta Josu Artutxa ikaskide eta lagunekin aritu naiz lanean. Gu proiektuaren antolakuntzan ez ginen murgildu baina ikus-entzunezko sormen-lan bat egin genuen. Joan den otsailean abiatu eta ekainaren 26an akitu genuen. Egia erran, ez genuen nahi adina denbora izan luze eta zabal lantzeko baina genituen baliabideekin aitzinera ateratzea lortu genuen eta kontent gelditu ginen. 

Zein izan zen helburua?

Rockaren sortzaileek egungo usteko egoera hori nola bizi duten erakutsi nahi izan genuen. Egungo egoera islatzeko, historiari erreparatu genion: ikuspegi soziopolitikoari, euskarari, musikaren-merkaturatzeari... helduz. Aunitz dira jorraturiko alderdiak, formatu laburrean, ordu erdi eskas irauten duen ikus-entzunezko batean.

Zer prozesu izan du lanak?

Hasteko, hari bat sortu genuen eta gaiak horren bueltan lotu genituen. Horiek lantzeko protagonistak bilatu genituen: batetik, diskurtso egokia zuten sortzaileak nahi genituen; bertzetik, euskaraz diharduten taldeei eman nahi genien solasa; generoari ere behar zuen trataera eman nahi genion...  Zaila izan zen, oro har musikan eta bereziki rockean gizonezkoak gailendu baitira.

Dokumentalean «euskal rockaren deskonexioaz» aritu zarete. Azalduiguzu. 

Azken urteotan Euskal Herrian rocka gainbehera prozesu batean dagoela erran izan da: jendeak ez duela rock musika entzuten aditzen da han eta hemen. Nola ez, errua belaunaldi gazteena dela erran izan da. Gizarte postmodernista honetan etorkizuna eta aitzinera begira jartzea da garrantzitsuena, eta horretan gazteok gara gakoa.

Hori lantzeko hamabi elkarrizketa egin dituzue...

Gizartearen egungo testuinguru historikoa aztertzeko, Jon Eskisabel –Badok atariko zuzendaria–, Ion Andoni del Amo –EHUko soziologoa– eta Itziar Alduntzin irrati esatariarekin mintzatu ginen. Rocka nola bizi duten jakiteko Niko Etxart, Mixel Ducau eta Roberto Mosorekin solastatu ginen. Disketxeek jasan dituzten aldaketak ezagutzeko, Gor disketxeko Marino eta Patxi Goñi elkarrizketatu genituen.  Eta azkenik, egungo taldeetan dihardutenen hitza bildu genuen: Bi Bala taldeko Aitzol Barandiaranena eta Iñaki Gurrutxagarena; Liher taldeko Lide Hernandorenarena; eta Willis Drummondeko Jurgi Ekiza eta Joseba B. Lenoirrena.

Jasotako ikuspuntuak bateragarriak izan al dira?

Inondik inora. Iritzi kontrajarriak daude eta dokumentala ikusten duen orok hori segidan nabarituko du. Dena dela, horrek ikusi ondotik mahai-inguruko giroa sortzea eragiten du. Ezin erran kasualitatea izan denik, hori bilatu baikenuen...

Zein izan da rockaren bilakaera?

Rocka Euskal Herrian mugimendu kontrakultural moduan sartu zen, sistemaren aurkako mezuak bidaltzeko baliabide gisa. Geroztik estiloak garatu dira eta aunitz dira egun. Horrek ez du guttiago kontsumitzen denik erran nahi...

Eta zure ustez, zein da euskal rockaren egungo egoera?

Horri inor asaldatu gabe erantzutea arras zaila da. Nire ustez, egun, Euskal Herrian musika eskaintza zabala eta arras ona dugu; ez rockean bakarrik, baita bertze estiloetan ere. Oraindik ere grabatzen diren disko gehienak rock etiketaren barruan sartzen dira baina pixkanaka bertze estilo batzuk sortzen eta, batik bat, euskarara gerturatzen ari dira. Ttap aldizkarian Gorka Urbizuk erantzundakoarekin bat eginez, euskal rockaren nostalgia jada ez dela zena erranen nuke.

Elkarrizketez gain artxiboko irudiak arakatu dituzue...

70eko eta 80ko hamarkadetako irudi historikoak Euskal Telebistatik, Kanaldudetik eta Hatortxu Rockeko artxiboetatik eskuratu genituen. Egungoei ere tartea eskaini genien...

Ondorio sakonik atera duzue?

Ez nuke ondorio nagusi bat aipatuko; nire buruan gogoeta eragin duen proiektua izan dela erranen nuke. Euskal musika gutti kontsumitzen dela iruditzen zait, dena militantzia da. Kulturgintza maite eta kontsumitzen dugunok gureaz gozatu beharrean bertzeek zergatik ez duten kontsumitzen begira egon ohi gara.

Nonbait erakutsi duzue?

EHZ jaialdiaren harira, Baionan izan ginen, Tolosako Laskorain ikastolan ere erakutsi genuen eta berriki Usurbilgo kultur etxean izan gara. Azken horretan mahai-ingurua ere egin genuen. Koldo Otamendi Musika Zuzeneaneko arduradunak  parte hartu zuen. Ea aurtengo negu-udaberrian gehiago mugitzen garen. Nire asmoa orain Esker 1000 dokumentala Euskal Herrian barna ezagutzera ematea da. Eskualdetik hastea ez legoke gaizki...

 

Esker 1000 proiektua

Euskal Irratiek «euskal musikari eta rockari omenaldi bat egiteko, euskal rocka mundura zabaltzeko, Iparraldeko eta Hegoaldeko jendea elkartzeko...» sustaturiko proiektua da Esker 1000. Helburua asebetetzera bidean, «musikagintza eta bideogintza» uztartuz ari dira lanean.

Mundura hedatzea jomuga

Lehen urrats gisa, proiektua «hornitzeko», dokumentala sortzen lan ederra egin zuten Otaegi, Artutxa eta Irigoienek:  «sarean, Badok atarian, Argian eta Kanalduden, ikus daitekeena». Ondotik, azaroaren 24an Baionako Lauga kiroldegian 100 musikari elkartu eta 'Euskal Rock n' Roll' kantaren produkzio bat grabatu zuten: «Zarama, Lauroba, Niko Etxart... batera izan ziren eta ikusgarria izan zen». Aurten Hego Euskal Herrian 11 kantez osatutako produkzio bat egin nahi dute eta 2020rako euskal rocka diasporara zabaltzea, han eta hemen ezagutaraztea eta trukatzea dute jomuga.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun