Langileen Batzordeak eta bertze 62 langilek sinatutako idatzian ageri denez, «azken hilabeteetan kudeaketa ulertezina darama lan zentroak, bai kontratazioan, bai langileen antolaketan ere. Kontratu txukunak dauzkan langileei, kontratu okerragoak eskaintzen zaizkie, hobeak edukitzeko aukera badagoenean. Ez zaie deus ere axola zenbat urte bete dituen langileak ebentual moduan, zer disponibiliate eskaini duen, eta aplikatu dituen etika eta balore profesionalak».
Modu berean, «unitate batetik bestera pertsonalaren trasladoa, kaltetutak diren pertsonei abisatu gabe; egutegietan behin eta berriroko akatsak, horrela lan postuak kubritu gabe gelditzen direlarik; modu programatuan kubritu gabe gelditzen diren lan postuak, unitateak taxux antolatzeko aukerarik utzi gabe; nominetan behin eta berriro akatsak, gutxiago ordainduz. Horrek sortzen dituen atzerapenekin, ez hori bakarrik, baizik eta atzerapen horiek ere gaizki ordaintzen dira!» salatu dituzte.
Langileek jakin badakite diru publikoz hornitutako zentro pribatu bat dela, eta lan postu bakoitzak lan karga handia duela, «baina behin eta berriro errepikatzen zaigun arazo bat jendea aurkitzeko dauden arazoak dira».
Horregatik ulergaitzagoa egiten zaie kudeaketa eredu hau, «askotan autoritarismo doinu bat duena. Zaintzaileak zaindu beharrean, irainetik gertu dauden hitz eta formekin tratatzen zaielarik, zeharo ahantziz erakutsitako lan gaitasuna eta inbolukrazioa», diote idatzian
Politika honen ondorio dira, langileen ustez: «desmotibazioa, jendeak alde egitea eta zuzendaritzarekiko mesfidantza osoa».
13 urtez lanean aritu den emakumea kaleratu dute
Benito Mennin aste honetan kaleratze bat egon dela ere salatu du Langileen Batzordeak: «Enpresan 13 urtez lanean jardun ondotik, enpresak sasi hautaketa proba bat asmatu du. Honen aitzakian, denbora luzez kontratu mota ezberdinak betetzen joan den langilea kaleratua izan da, haurdunaldi egoeran gainera». Antzerki hutsa izan dela erran du Langile Batzordeak: «Psikoteknikoa ez duela pasa esan dute! Badirudi enpresa honetan ez dela nahikoa 13 urtez lanean aritzea, ez omen dute nahikoa denbora eduki langilea postu baterako baliozkoa den edo ez jakiteko. Ahoa baloreekin betetzen zaie, konportamendu arauekin, baina beraien ekintza ustelek agerian uzten dute ze pertsona motetaz ari garen hizketan».
Komiteak jarrera hau gogor gaitzetsi du, eta egonen diren mobilizazioetan parte hartzera deitu ditu enpresako langilegoa eta herriko bizilagunak.