(H)ilbeltza bekaren hirugarren edizioa aurkeztu dute Baztanen

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2019ko urt. 30a, 19:00
Alberto Atxa, Joseba Otondo, Garazi Arrula eta Florentino Goñi, bekaren aurkezpenean. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Sorkuntza lanaren lagina eta proiektuaren asmoak maiatzaren 10erako aurkeztu behar dira

Txalaparta argitaletxearen eta Baztango Udalaren laguntzaz, (H)ilbeltza elkarteak «sormena eta itzulpengintza» jorratzeko helburuz sortu zuen (H)ilbeltza bekaren hirugarren  edizioa aurkeztu du urtarrilaren 30ean. Bekaren nondik norakoak Joseba Otondok, Baztango alkateak; Alberto Atxak, (H)ilbeltza elkarteko kideak; eta Garazi Arrulak, Txalapartako editoreak, azaldu dituzte. 

Baztanek euskal nobela beltzarekin duen lotura azalduz abiatu du aurkezpena Otondok: «1955ean argitaratutakoa da Jose Antonio Loidiren Hamabost egun Urgainen, euskarazko lehen nobela beltza». Euskal literatura beltzaren hasmentaren harira, «Loidi eta Elizondoko Zatonea etxearen arteko loturaz» mintzatu da alkatea. Ondotik, Mariano Izetaren Dirua galgarri lanaren ekarpen «garrantzitsua» nabarmendu du: «euskaraz argitaratu zen bigarren nobela beltza izan zen, 1972an». Horiez gain, ondoko nobela beltz aunitzek Baztanekiko duten harremana ageriko egin du: «zenbaitetan trama bertan izanen dute; osorik batzuetan, Gotzon Garateren Elizondoko eskutitzak lanean bezala; eta bertzetan zati batean».

Udalak beka horrek «euskararen normalizazioan gure mintzoa prestigiatu eta goratzeko; euskararen komunitateari ekarpena egin eta literaturan pisu handikoa den literatura beltza gozatu eta dastatu ahal izateko; eta idazleen eta itzultzaileen lana sustatzeko» ekarpena dela uste du. Hortaz, Txalaparta argitaletxea eta bien artean, erdi bana, 6.000 euroko laguntza emanen dutela eta ondotik «argitaratzeko konpromisoa» hartuko dutela adierazi du. 

(H)ilbeltzako Alberto Atxak jakinarazi duenez, idazle «guztiei» luzatu diete parte hartzeko deia: «bai bekaduna baita haren lana ere ilusioz eta gogoz hartuko ditugulako». Bekaren onuradunak egindako lana 2021eko (H)ilbeltza Astean aurkeztuko dutela argitu dute. Gisa bertsuan, beka jasotzeko hautagaiek jarraitu beharreko «oinarriak eta nobela beltzari buruzko bertzelako artikulu, iruzkin edota elkarrizketa interesgarri» www.hilbeltza.eus atarian eskuragarri daudela adierazi dute.

Txalapartako Garazi Arrulak borobildu du aurkezpena. Edizioz edizio itzulpena eta sormena tartekatzen dituen beka horretan 2019koa «sorkuntza narratibora bideratua» dela argitu du. Horrekin batera, bai orain arteko lanetan, baita aurtengoan ere Txalapartak egindako ekarpena oroitarazi du: «aitzineko lanetan, Miel Elustondoren Kezko bola batek itoak birikak eta Josu Baranbosenea, bidean dena lagundu genituen bezala». Bukatzeko, bekara aurkezten direnek «lagina eta proiektuaren asmoak» adierazi behar dituztela jakinarazi eta lanak aurkezteko epeak eta bideak oroitarazi zituen: «postaz edo Udaleko erregistroan aurkez daiteke, maiatzaren 10a arte». Bekaren onuraduna nor den ekain hondarrean jakinaraziko dute. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun