Oihane Prim da Iruritako alkate berria

Ttipi-Ttapa 2019ko urt. 30a, 20:00
Oihane Prim izanen da Iruritako alkatea datozen bi urtetan.

Hamabi urtez karguan izan den Peio Obregozo ordezkatuko du 

Oihane Prim Agerrebere izanen da Iruritako alkate datozen bi urteetan. Igandean egindako batzarrean bere burua aurkeztu zuen boluntario, gibelean kargodun eta laguntzaile taldearen babesa duela eta bera aukeratu zuten alkate.

Gisa honetara, Oihane Primek azken hamabi urteetan Iruritako alkate izan den Peio Obregozoren lekukoa hartuko du. Obregozok berriz ere ez aurkeztea erabaki zuen eta abenduan ez zen bertze inor aurkeztu, ezta ilbeltzaren lehen igandeko batzarrean ere. Orain, Iruritako zenbait lagun lanerako prest azaldu dira eta horien buru eginen du Oihane Primek. 28 urte ditu eta fisioterapeuta da lanbidez.

Baztango hamabortz herrietatik bakarra da oraingoz alkate gabe, Arizkun. Egoerak bere horretan segitzen badu, Batzar Orokorreko presidente den Joseba Otondok batzarra deitu beharko du Arizkunen, hori konpontzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun