Baztango Udalak ikasketa akaberako lanak sarituko ditu

Ttipi-Ttapa 2019ko urt. 29a, 08:04
Laugarren urtez emanen du beka hau Baztango Udalak. Argazkian, lehenbizikoa eman zutenekoa, saridunetako batzurekin.

2.000 euroko kontu saila onartu du, gehienez, lau lan diruz laguntzeko

Baztango Udalak, Tokiko Gobernuak hala erabakita, Baztan ikergai duten ikasketa akaberako proiektu edo lanak egiteko diru-laguntza deialdia onartu du 2019 urterako. Aurtengoa laugarren aldia izanen du ekimen honek eta aitzineko urteetan bezala, udalak 2.000 euroko diru-saila onartu du horretarako. 

Diru laguntza partida agortzearekin ez dira proiektu gehiago diruz lagunduko. Horretarako, balorazio batzordeak aurkeztutako proiektuen artean puntuazio gehien jaso duten lau proiektuak diruz laguntzeko proposatuko du, hautatutako proiektu edo lan bakoitzari dagokion diru-laguntza 500 eurokoa izanen delarik.

Laguntza honen helburu nagusia gazteak beraien ikasketekin Baztanen alde inplikatzeko eginahala da. Horretarako, etorkizuna gazteen eskutik heldu dela aintzat hartuz, Udalak bere eskua eskaintzeko apustua egin du bertze urte batez.

Deialdian parte hartzeko, hautagaiek Baztango udalerrian erroldatuak egon beharko dute edo bertze udalerri batean koiunturalki erroldatua egon baina horren arrazoia kanpoan ikasketak burutzea dela justifikatzea, baldin eta aurreko errolda Baztanen izan bada; gainera, 2018/2019 ikasturtean ikasketetako azken kurtsoan matrikulatuak egon beharko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun