2018an antolatutako kultur jarduerei dagozkien diru-laguntzak eman dizkie Baztango Udalak herriko kultur erakundeei. Denetara 26.180,93 euro banatuko ditu. Erratzu, Elizondo eta Iruritako Guraso Elkarteek 2.119 euroko laguntza hartuko dute.
Dirulaguntzarik handienak Baztandarren Biltzarrari eta Jo ala Jo Elkarteek hartuko dituzte: 5.864,26 euro hartuko ditu elkarte bakoitzak, Baztandarren Biltzarra eguna eta Kirikoketa besta antolatzeagatik, hurrenez hurren; Baztango Dantzariak elkarteak 5.791,93 euro hartuko ditu (zatirik handiena, 4.776,44 euro, Herriko soinuak ikuskizuna antolatzeagatik; 258,02 euro dantza ikastaroarengatik eta 757,47 igandetako Bailableengatik); Elizondoko abesbatzak 2.482,53 euro hartuko ditu Arraiozko kontzertuarengatik; Iruritako dantzariek 1.466,06 euro dantza emanaldiagatik; Elizondoko Recreo Bandak 1.328,25 euro Eguberritako kontzertuagatik; (H)ilbeltzak 1.078,04 euro Euskal Nobela Beltzaren Astea antolatzeagatik; Itxusi argazki elkarteak 1.011,58 euro argazki erakusketagatik; Erratzuko kultur elkarteak 659,72 euro Gizakunde antolatzeagatik; Elizondoko Casino elkarteak 395,83 euro pintura lehiaketagatik; Legate elkarteak 121,19 euro xaboi eta Mutildantza ikastaroengatik eta Otsondo barride elkarteak 117,28 euro bertso-afariarengatik.
Casino elkarteak antolatutako magia ikuskizunak ez du dirulaguntzarik jasoko, puntu aski lortu ez duelako.
Guraso elkarteei dagokienez, Elizondoko Eskolako guraso elkarteak 1.139 euro hartuko ditu, Iruritako guraso elkarteak 797 euro eta Erratzuko Ertzuin guraso elkarteak 183 euro.