Elizondoko San Antongo zozketako zenbaki saridunak atera dituzte aurten ere

Ttipi-Ttapa 2019ko urt. 18a, 08:40
Jendetza bildu zen Elizondoko plazan San Anton egunean.

Lehenbiziko saria, piriniar arrazako aretzea, 6.027 zenbakiari egokitu zaio eta oraingoz ez da agertu

Gutienez 1867. urtetik egiten da Elizondon Francisco Joaquin Iriarte Zahar Etxearen aldeko zozketa San Anton egunez eta aurten ere ohitura bete dute. Beti bezala, Balleko Etxeko balkoian egin zen zozketa eta lau umek atera zituzten zenbakiak, Elizondoko eskola publikoko ikasleak lauak: Oier Juanikotena, Mattin Mayora eta Mikel Baylon elizondarrak eta Ioana Beola almandoztarra.

Lehenbiziko saria, piriniar arrazako aretzea 6.027 zenbakiari egokitu zaio, baina ez zen plazan azaldu saridunik. Arkupe gozotegian saldua da. Bigarren saria, zerria, 2.738 zenbakiari egokitu zaio. Zahar Etxean bertan saldua zen eta Auzako Pilar Beginori egokitu zaio. Hirugarren saria (bi bildots), 6.689 zenbakiari egokitu zaio eta ez dago garbi non saldua den: talonarioaren zati bat Erratzuko Iparlan saldu zuten eta bertze zati bat egun berean Julian Goñi albienteak. Laugarren saria (magra) 7.290 zenbakiari egokitu zaio eta Jesus Mari Cordobak saldua da. Bi hauek ez dira agertu.

Zozketa egin baino lehen meza izan zen, Baztanzopak banatu zituzten plazan eta Xabier Maia eta Egoitz Gorosterrazu bertsotan aritu ziren. Lehendik denda eta ostatuetan batzuk saldu baziren ere, egun berean 7.800 boleto saldu zituzten Balleko Etxeko albinteek Elizondoko karriketan.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun