Asteazkenean, berriz, Anizko Mendiarte elkartean hurbilagoko idazle bat izan zuen hizpide Koldo Izagirrek: Xabier Gereño, euskal nobela beltzaren erreferenteetako bat. Izagirrek Jurgi Kapitaina, Xabier Gereñoren doblea izeneko saioa eskaini zuen, idazleak sorturiko pertsonaia ardatz hartuta.
Ekitaldiz betetako asteburua
Aitzinera begira, ilbeltzaren 18an, ortziralean, Hemingway ere beltza zen saioa izanen dute Arizkunenean, 19:00etan. Zinema eta literatura uztartuko dituzte eta Gontzal Agote izanen da gidari.
Ilbeltzaren 19rako, larunbaterako, egun osoko egitaraua antolatu dute. 11:00etan, Arizkunenean, Hiria eta landa. Eremuaren trataera nobela beltzetan solasaldia izanen dute, Itxaro Bordaren eta Edorta Jimenezen eskutik. Ana Galarragak moderatuko du saioa.
14:00etan Erratzuko elkartean bilduko dira bazkaltzeko. Txartelak eskuratzeko ilbeltzabaztanen@gmail.com helbidera idatzi behar da. Arratsaldean, liburu aurkezpenak izanen dituzte: aurtengo (H)ilbeltza bekaren onurarduna, Miel A. Elustondo, hasiko da Kezko bola batek itoak birikak lanaren nondik norakoei helduko dielarik; ondotik, Edorta Jimenezi pasako dio hitza Ostadarrak lurra ukitzen duen lekua lanaren berri emateko eta Xabier Etxeberriaren Berriro itzuliko balitz lanaren aurkezpenak borobilduko du arratsaldeko tartea. 19:00etatik aitzinera Susmagarrien Gaua izanen dute herriko karriketan barrena.
Ilbeltzaren 20an, igandean, bukatuko da (H)ilbeltza. 11:00etan Bele kamutsak inauteetako eskean itzuli beltza eginen dute Arraiozen (plazatik abiatuta). Akitzeko, 19:00etan Mairu antzerki taldeak eta (H)ilbeltzakideek eginiko Chandlerren alde… edo kontra irakurketa girotuaz gozatzeko parada izanen dute.