Anizko inauteriak ortziralean abiatuko dira

Ttipi-Ttapa 2019ko urt. 16a, 12:00

Larunbatean puska biltzen ibiliko dira Anizko eta Berroetako gazteak.

Larunbatean gosariaren ondotik etxez etxe puska biltzen ibiliko dira herriko eta Berroetako gazteak 

Asteazkenean (H)ilbeltzako solasaldia izanen dute Anizen eta ortziralean inaute-usaina hasiko da. Eskualdeko lehenbizikoetariko  inauteriak izan ohi ditugu Anizkoak. Errege eguna igandearekin suertatu denez, asteburu bateko atsedena izanen da tartean. 

Ilbeltzaren 18an, ortziralean afaria eginen dute gazteek elkartean, larunbatean berriz, gosaritik hasiko dira. Gosaldu ondotik etxez etxe ibiliko dira puska eskean musikariekin. Etxez etxe ibili ondotik, gauean elkarterat itzuliko dira etxeetan bildu dituzten puskak jatera. Afaltzera gazteak ez ezik, etxez etxe ibili ez diren aniztarrak ere joaten dira, afal ondoan dantzaldia izanen da.

Ondoko asteburuan, ilbeltzaren 26an gauza bera eginen dute, baina kasu honetan Berroetan. Izan ere Anizen eta Berroetan inauteak elkarrekin ospatzen dituztenez, asteburu batean berroetarrrak joaten dira Anizerat eta ondokoan aniztarrak joaten dira Berroetarat. 40 urte inguru dira bi herriok inauteak elkarrekin ospatzen hasi zirela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun