Fisioterapeuta bat behar du AFINAk Elizondon

Ttipi-Ttapa 2019ko urt. 15a, 18:00

Errehabilitazio taldearekin aitzinera segitzeko fisioterapeuta behar du AFINAk Elizondon.

2018ko azaroaz geroztik errehabilitazio taldea geldirik dago, profesional baten beharra dutelako

AFINA Nafarroako Fibromialgia, Neke Kronikoaren Sindromea eta Sentikortasun Kimiko Anitzkoitzaren elkartea fisioterapeuta baten bila dabil, urteetan Elizondon eskaini izan duen errehabilitazio taldearekin aitzinera segitu ahal izateko. 2018ko azaroan profesional hori gabe gelditu ziren eta geroztik, zerbitzua eskaini ezinik gelditu dira.

10-15 emakumezkoren taldea

Nafarroan 20 urtetik goitiko ibilbidea egin duen erakundea da AFINA; 1998an sortu zen eta Elizondon ere urte saila daramatza. Urteotan osasun zentroko profesionalekin harremanetan egon da, hitzaldi-informatiboak ere eskaini ditu eta zonaldeko baliabide sozialen koordinazioaz ere arduratu da. Horrez gain, urte aunitzetan AFINAk errehabilitazio talde bat ere izan du eta elkartetik adierazi dutenez,  hori da «gure programaren esku-hartze garrantzitsuetako bat». 10-15 emakume inguruk parte hartu izan dute errehabilitazioan eta «emakume horiek haien osasunean hobekuntza eta emaitza positiboak ikusi dituzte».

Lan eskaintzan interesatuak direnek AFINArekin jarri beharko dute harremanetan eta 948 13 53 33 telefonoa deituz jasoko dute lan-baldintzen inguruko informazioa. Orain arte astelehen eta asteazkenetan 17:00etatik 18:30era eman izan dute zerbitzua, Arizkunenea Kultur Etxean.

 

Hiru patologiak

Hiru gaixotasunak biltzen ditu bere baitan AFINAk. Fibromialgiaren ezaugarri nagusia min kronikoa da. Neke Kronikoaren Sindromea neke handia da, bai burukoa eta bai fisikoa ere, deskantsatuta ere pasatzen ez dena. Sentikortasun Kimiko Anitzkoitza dutenek, berriz, ingurumeneko kimikoak ezin dituzte jasan. Gaixotasun bakoitzak «bere berezitasunak» dituen arren, «zuhaitz beraren hiru adar» direla diote AFINAtik, «hirurak sentsibilizazio zentraleko sistemako gaixotasunak baitira».

Elkartearen helburu nagusia gaixotasun horiek dituztenen osasuna eta autonomia hobetzea da eta horretarako hiru lan-ildo nagusi jarraitzen ditu: alde batetik, ikasketa psikologikoko tailerrak egiten dituzte, banaka edo taldean, patologia horiek eragiten duten estresa eta antsietatea arintzeko; horrez gain, errahabilitazio fisiko espezifikoa egiten dute gaixoen giharrak eta hezurrak indartzeko; eta hirugarrenik, elikadura zaintzen dute, «kimikorik gabe, energetikoa eta ekologiako den elikadura bultzatuz».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun