Eguberrietako erremonteko buruz buruko txapelketako final ikusgarrian Urriza doi-doi nagusitu zaio Urtasuni

Ttipi-Ttapa 2019ko urt. 14a, 09:40
Urriza txapeldun eta Urtasun txapeldun orde, Bartzelonako finalaren ondotik.

Larunbatean Bartzelonan 30-28 nagusitu zitzaion Iruñekoa Iruritakoari

Eguberrietako buruz buruko erremonte txapelketak bukaera bikaina izan zuen urtarrilaren 12an Bartzelonan. Final ikusgarria eskaini zuten Iruritako Gorka Urtasunek eta Urrizak. Edozeinek irabaz zezakeen, baina azkenean Urriza nagusitu zen, 30-28. Aunitzentzat, txapelketa honetako hamalau edizoetako finalik onena izan zen.

Partida berdindua eta borrokatua joan zen. Hasieran Urriza ibili zen aitzinetik (5-2), baina zzpinako berdinketaren ondotik Iruritakoa nagusitzen hasi zen (7-9, 9-11 eta sei tantuko abantailarik handiena, 11-17). Urtasun agintzen ari zen eta Urriza dominatua zebilen, baina lanean segitu zuen. Hamazazpina, hogeitabana eta hogeitabina berdindu ondotik, berriz ere aitzinetik jarri zen Urriza, 24-22 eta 26-23. Baina Urtasunek ere ez zuen burua makurtu eta hogeitaseina berdindu ondotik, 26-27 irabazten ere jarri zen Iruritakoa. Hurrengo tantoa ere esku-eskura izan zuen Urtasunek baina azkenean Urrizaren alde erori zen. Hogeitazazpinakoa izan zen finaleko azken berdinketa. Bi tanto egin zituen Urrizak, hogeitazortzigarrena ere Urtasunek, baina azkena eta txapela Iruñekoaren alde erori zen.

2018ko Nazioarteko Erremonte Zirkuitua hartu duten hirietako minbizia duten haurren aldeko elkarte guztiei mila euro eman zien Erremonte Fundazioak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun