«Irakurleei konpromisoa eskatzen die liburuak»

Ttipi-Ttapa 2019ko urt. 13a, 10:00

HASIER LARRETXEA, Arraiozko idazlea

Irail hondarrean argitaratu zuen Batzuen ametsak bertzeen zelai zulatuak dira bere azken liburua. Poesia lanaren nondik norakoez mintzatu da Ttipi-Ttaparekin, eta aldi berean, euskal literatura «anitza eta kalitate haundikoa» dela azaldu du. . Baina argi du «prekarietatea alde batera utzita, nekez eginen duela aitzinera irakurlego indartsu bat ez badago». Bere ustez, «euskarazko irakurlego eta kultur kontsumitzaile nahikorik ez izatea da arazoa. Arras liburu guti saltzen dira». Zeregina badagoela dio, «etxetik hasi eta hezkuntzarekin jarraituz».

«Idaztea bada gibelera begiratzea. Burua bueltatzea. Begirada antzaldatzea. Idaztea bada egunero leihoak parez pare irekitzeko ariketa sanoa». Horixe bera dio Hasier Larretxea arraioztarrak Batzuen ametsak bertzeen zelai zulatuak dira bere azken poesia liburuaren aurkezpenean. Pamiela argitaletxeak irail hondarrean argitaratu zuen baztandarraren seigarren poesia liburua eta «arras kontent» sumatu dugu. «Liburua hartu eta gustura berrirakurtzen dut. Ez da beti gauza bera gertatzen, denbora pasatzean, nolabait distantzia sentitzen baituzu garai batean idatzitakoekin».

Itzulera moduko bat da arraioztarraren azken lana. Izan ere, El lenguaje de los bosques izan zen bere aitzineko liburua, narrazioa eta gainera, gaztelaniaz egina. Eta orain, narrazio-lanetik poesia liburu batera itzuli da, eta gainera, «poesia nire eremu naturala» dela aitortu du. Horrez gain, gaztelaniaz idaztetik euskaraz idaztera itzuli da. Bere hitzetan, 2014an Larremotzetik atera zuenetik «ez dut euskaraz argitaratzeko aukerarik izan, eta euskaraz argitaratu ahal izateak ilusio berezia egin dit». Azken liburuari dagokionez, «landutako liburua» dela adierazi digu, «irakurleari ere konpromiso bat eskatzen diona».


Orain, berriz, nonahi liburua aurkezten ari da, irakurketa musikatuak eginez. Baina aitzinera begira baditu proiektu gehiago esku artean: «udaberrian euskarazko bertze poesia liburu bat argitaratzeko» asmoa du. Hala ere, «azkenaldian, gaztelaniaz idatzitako fikziozko ipuingintzarekin ere gozatzen» ari dela onartu digu Arraiozko idazleak. Gisa honetara, «hainbat ahots eta batzuetan politikoki ez zuzenak islatzeko aukera dut».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun