Ernesto Prat eta Elurre Iriarte, (H)ilbeltzako kideek egin zuten aurkezpena eta beraiekin batera, (H)ilbeltzako spota egin duen Bira Produkzioakeko Beñat Iturriotz izan zen aurkezpenean
Ilbeltzaren 14an, astelehenean, 19:30ean Uzta Gorria hitzaldiarekin hasiko dute egitaraua eta Dashiell Hammett idazleari buruz solastatuko dira, Xabier Olarra itzultzailearen eskutik. Arizkunen, medikuaren etxean, dute hitzordua.
Asteazkenean, ilbeltzaren 16an, 19:00etan, Koldo Izagirrek hartuko du lekukoa eta Jurgi kapitaina. Xabier Gereñoren doblea lana izanen du hizpide. Anizko Mendiarte elkartean bilduko dira.
Ilbeltzaren 18an, ortziralean, berriz, Hemingway ere beltza zen saioa izanen dute Arizkunenean, 19:00etan. Zinema eta literatura uztartuko dituzte eta Gontzal Agote izanen da gidari.
Ilbeltzaren 19an egun osoko egitaraua
Biharamunerako, hau da, larunbaterako, egun osoko egitaraua antolatu dute. 11:00etan, Arizkunenean, Hiria eta landa. Eremuaren trataera nobela beltzetan solasaldia izanen dute, Itxaro Bordaren eta Edorta Jimenezen eskutik. Ana Galarragak moderatuko du saioa.
14:00etan Erratzuko elkartean bilduko dira bazkaltzeko. Txartelak eskuratzeko ilbeltzabaztanen@gmail.com helbidera idatzi behar da. Arratsaldean, liburu aurkezpenak izanen dituzte: aurtengo (H)ilbeltza bekaren onurarduna, Miel A. Elustondo, hasiko da Kezko bola batek itoak birikak lanaren nondik norakoei helduko dielarik; ondotik, Edorta Jimenezi pasako dio hitza Ostadarrak lurra ukitzen duen lekua lanaren berri emateko eta Xabier Etxeberriaren Berriro itzuliko balitz lanaren aurkezpenak borobilduko du arratsaldeko tartea. 19:00etatik aitzinera Susmagarrien Gaua izanen dute herriko karriketan barrena.
Ilbeltzaren 20an, igandean, bukatuko da astea. 11:00etan Bele kamutsak inauteetako eskean itzuli beltza eginen dute Arraiozen (plazatik abiatuta). Akitzeko, 19:00etan Mairu antzerki taldeak eta (H)ilbeltzakideek eginiko Chandlerren alde… edo kontra irakurketa girotuaz gozatzeko parada izanen dute.