Alkaterik gabe segitzen dute Arizkunen eta Iruritan

Ttipi-Ttapa 2019ko urt. 8a, 10:10
Ainhoa Maritorena Anizko alkatea, herriko kontuen berri ematen Errege Eguneko batzarrean.

Joxe Urrutia aukeratu zuten Amaiurko alkate Errege Eguneko batzarrean

Ohikoa denez, Errege Eguneko batzarrea egin zuten Baztango herri gehienetan. Urteko kontuak azaltzen dituzte batzarre horretan eta alkate berriek bere kargua hartzen dute ofizialki. Horretaz gain, Amaiurren Joxe Urrutia aukeratu zuten alkate. Arizkunen eta Iruritan, aldiz, alkaterik gabe segitzen dute.

Ordenantzek agintzen dutenez, hilabete bateko epean batzarra deitu beharko du Baztango Batzar Nagusiko presidenteak, Joseba Otondok, egoerari aterabidea emateko.

Herrietako alkateak

Gauzak honela, Baztango hamabortz herrietatik hamahirutan alkateak izendatu dituzte. Bortz berriak dira: Azpilkuetan Luis Azkarraga da alkate; Elbeten Xabier Urreaga; Zigan Idoia Arrieta; Amaiurren Joxe Urrutia eta Erratzun, Joxe Itoiz. Elizondon Alazne Sansiñena Lertxundik segituko du alkate (bigarren agintaldia), Anizen Ainhoa Maritorena Azkaratek (bigarren agintaldia; Almandozen Luis Roldanek (16 urte karguan); Gartzainen Fernando Arraztoak (hirugarren agintaldia); Lekarozen Mattari Plazak (bigarren agintaldia); Oronozen Ruth Peñak (bigarren agintaldia); Arraiozen Joxelu Retegik (bigarren agintaldia); Berroetan, Carlos Garaikoetxeak (bigarren agintaldia).

Junteroak eta mendi komisionatuak

Egia da lan hauek betetzeko ez dela borroka handirik izaten eta aurkeztutako guztiek beteko dituzte juntero eta mendi komisionatu lanak, batzarretan erabaki zutenez. Honela, Miguel Etxandi Irigoien izanen da Baztangoizako junteroa eta mendi komisionatua izateko ez da inor aurkeztu.

Elizondoko junteroa Mikel Sobrino Urrutia izanen da eta mendi komisionatuak Luis Javier Laurnagarai Mihura eta Iban Larratxea Irigoien.

Erbereko juntero Peio Obregozo Istilart izanen da eta mendi komisionatua izateko ez da inor aurkeztu.

Basaburuko juntero izateko hautagaia Rafael Arretxea Maritorena da eta mendi komisionatua izateko, Pedro Maria Gamio Gaztelu.

Elizondoko kontuak

Herriz herri kontuak aurkeztu zituzten. Elizondon aipatu zutenez, iaz 132.703,21 euroko diru-sarrerak eta 127.158,70 euroko irteerak izan zituzten, 5.544,51 euroko superabita beraz. Urtea 31.623,06 euroko hasi zuenez, gaur egun 37.167,57 euro ditu Elizondoko herriak kutxan.

Gasturik handiena Santiago besten antolaketa da, 72.501,78 euro iaz. Iriarte pilotalekuaren teilatua egin zenez, iazkoak besta xumeagoak izan zirela onartu zuten. Diru-sarrerak ere izaten dira bestetan, 32.777,95 euro iaz. Zikiro-jatean 500 lagunetik 800era pasatu ziren eta hori nabaritu zen diru-sarreretan. Herritarren kuotetatik 37.268,30 euroko sarrerak izan zituzten. Gaur egun herritarren %82 inguruk ordaintzen dute eta gaur egungo kargodunak hasi zirenean, %70ak bakarrik ordaintzen zuen. Udazkeneko feriek 25.048,70 euroko diru-sarrerak eragiten dituzte eta 4.702,67 euroko gastuak. Hilerrian, 11.672,26 euroko diru-sarrerak eta 10.203,56 euroko gastuak izan zituzten iaz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun