Eguberri parte-hartzaileak Berroetan

Ttipi-Ttapa 2019ko urt. 7a, 07:30
Etxez etxe ibili zen lagun kuadrilla.

2018a agurtzeko 30 lagunek bazkaria egin zuten elkartean.

Olentzeroren etorrerak eman zien hasiera Eguberriei. Olentzero, astoarekin etorri zen menditik, eta herriari itzulia eman zion berroetarren laguntzarekin. Jende andana bildu zen etxez etxe, haurrak zein helduak. Herrian barna ibili ondotik, bere lanarekin segitzeko, herria utzi zuen Olentzerok.
 
Eguberri eguna gibelean utzita, urte zahar gaba etorri zen. 30 lagunetik goiti elkartu ziren elkartean urteari agurra elkarrekin emateko. Urtea irriz eta lagun artean akitu bazen, urte berria urtetxak bilduz hasi zuten herriko ttikienek. Etxez etxe ibili ziren "urte berri berri..." katari. Etxeetatik botatzen zizkieten urtetxak beraien poltsetan altxatuz eman zioten ongi etorria 2019ari. 
 
Ospakizunak akituta, orai lanera bueltatzeko garaia da. Berroetarrek irakurleendako mezua bidali dute: «urte berri on eta 2019 zoriontsua izan dezazuela».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun