Baztango lau kuarteletako ordezkariak eta mendi komisionatuak aukeratuko dituzte

Ttipi-Ttapa 2019ko urt. 4a, 12:07

Baztango Batzar Nagusiaren bilera bat, joan den urteko urina.

Urtarrilaren 2an egin zuen Batzar Nagusiak urteko lehen bilera eta azkena ere izan da kargua uzten dutenentzat 

Ohitura betez, urteko lehen lan egunean egin zuen Baztango Batzar Nagusiak bere urteko lehen bilera. Hala egin zuen ilbeltzaren 2an. Urteko lehenbizikoa izanagatik, azken batzarra ere izan zuten hainbat batzarkidek. 

Izan ere, herrietako alkateak bi urtean behin berritzen dira eta Iruritan, Arizkunen eta Amaiurren izan ezik, bertze hamabi herrietan alkateak aukeratu dituzte. Hiru hauetan, Errege Egunean eginen dituzte batzarrak, herriko ordezkaria aukeratzeko bertze saiakera bat eginez.

Gainera,  lau urtetik behin, Baztango lau kuarteletako ordezkariak eta mendi komisionatuak aukeratzen dira, eta hauek ere orain aukeratuko dituzte. Beraz, beraien karguak berrituko ez dituzten batzarkideek asteazkenekoa izan zuten azken Batzar Orokorra. Beraien lana eskertu zuen Joseba Otondo Baztango alkate eta Batzar Orokorreko lehendakariak.

 

Hautagai zerrenda

Alkate, batzarkide eta mendi komisionatu berriek apirilean eginen den hurrengo Batzar Orokorrean hartuko dituzte karguak ofizialki, baina bozketa herri bakoitzean egiten den lehen batzarrean eginen da.

Baztangoizako juntero izateko Miguel Etxandi Irigoien izanen da hautagaia eta mendi komisionatua izateko ez da inor aurkeztu.

Elizondoko junterio izateko hautagaia Mikel Sobrino Urrutia da eta mendi komisionatu izateko bi hautagai daude: Luis Javier Laurnagarai Mihura eta Iban Larratxea Irigoien.

Erbereako juntero izateko hautagaia Peio Obregozo Istilart da eta mendi komisionatua izateko ez da inor aurkeztu.

Basaburuako juntero izateko hautagaia Rafael Arretxea Maritorena da eta mendi komisionatua izateko, Pedro Maria Gamio Gaztelu.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun