Iruritako Aranabia pilotalekuan abiatuko da igandean Eguberrietako buruz buruko erremonte txapelketa

Ttipi-Ttapa 2018ko abe. 28a, 06:59
Urtasun, Ezkurra II.a eta Uterga aurrez aurre izanen dira igandean Aranabian. Argazkian, txapelketaren aurkezpenean.

Triangeluarra jokatuko dute Urtasun, Uterga eta Ezkurra II.ak eta bi lehenbizikoek Urriza eta Barrenetxearen kontra finalaurrekoak jokatu dituzte

Iruñeko Nafarroa Arenan egin zuten abenduaren 27an Eguberrietako buruz buruko erremonte txapelketaren aurkezpena. Lehen partidak abenduaren 30ean, igandean 17:00etan jokatuko dituzte Iruritako Aranabia pilotalekuan. 

Iruritako Gorka Urtasun eta Doneztebeko Xanti Uterga eta Josetxo Ezkurra II.a ariko dira, denak denen kontra 20 tantutara. Bi onenak, finalerdietan ariko dira urtarrilaren 4an Labriten Urriza eta Barrenetxea IV.aren kontra, iazko finalisten kontra, 30 tantutara. Finala, azkenik, urtarrilaren 12an jokatuko dute Bartzelonako Vall d’Hebrón pilotalekuan (19:00).

Jaialdi guztiak ADANO eta AFANOC elkartearen aldekoak izanen dira eta 5 euroko sarrera kobratuko da. Nafarroan eta Katalunian minbizia duten haurren eta haien senideen aldeko elkarteak dira biak. Iruritako sarrera-doantzarekin Iruñeko finalerdietara ere sar daiteke.

Urtarrilaren 4an Labriten eginen den jaialdian, gainera, Remonte Fundazioak  Nazioarteko Erremonte Zirkuituan lortutako dirua emanen die Minbizia duten haurren aldeko elkarteei eta Zirkuitu horretako irabazleei ere sariak emanen dizkiete.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun