‘Jolastuko gara? Familiendako jolas eta kantu ikastaroa eginen dute abenduaren 19an Elizondon

Ttipi-Ttapa 2018ko abe. 14a, 06:30
Haur eta gurasoek elkarrekin jolasean eta kantuan ikasteko aukera izanen dute.

Arizkunenean eginen den saiorako izena emateko abenduaren 17an akituko da 

‘Jolastuko gara?’ goiburupean, familiendako euskarazko jolas eta kantuen ikastaroa antolatu du Dindaia Fundazioak, Baztango Euskara Zerbitzuaren laguntzarekin abenduaren 19an Arizkunenean, 17:00etatik 19:00etara. 0-3 urte bitarteko haurrendako eta haien gurasoendako ikastaroa da.

 

Tailerra doan da, baina plaza mugatuak izanen dira. Izena emateko azken eguna abenduaren 17a izanen da. Horretarako 948 580006 telefonora edo euskara@baztan.eus helbide elektronikora idatzi behar da. Baztanen erroldatutakoek lehentasuna izanen dute.

Haurtzaindegi zerbitzua ere izanen da. Lehen zatia gurasoekin bakarrik izanen da, ordu eta erdiz. Bigarren zatian, azken ordu erdian, gurasoek eta haurrek elkarrekin ikasitakoa landuko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun