Bi orduko itzulixkaren ondotik, arratsaldeko 3:30ean ginkana herrikoia izan zuten. haur, gazte eta heldu jokoetan aritu ziren: antzerkia egiten, etxeetan lehengo istorioak aditzen, hitzik egin gabe etxeetan gauzak eskatzen mimikaz, puzzlea egiten... joko andana prestatu zituzten Ainhoak, Kristinak eta Maiderrek aniztarrendako. Bi ordu pasaz jostetan aritu ondotik, txokolate jatea izan zen elkartean. Txokolatea jan bidenabar, Anizen orain dela bi urte grabatutako auzolan programa ikusi zuten aniztar guztiek batera, baita bestetako zenbait argazki ere.
Eguna akitzeko bertso saioa izan zen Oihana Iguaran eta Aitor Sarriegirekin. 56 lagun bildu ziren, giro ezin hobean bertsoak aditzera. Goizeko ordu txikiak artio luzatu zen besta.
Igandean, abenduaren 9an, asteburu kulturalak jarraipena izan zuen, talo ikastaroan ere adin guztietako aniztarrak bildu ziren, Iñakiren gidaritzapean taloak egitera. Norberak eginikoa jan eta arratsaldean haurrendako bideo emanaldia izan zen.