Anizko Asteburu Kulturala ospatuko dute abenduaren 8 eta 9an

Ttipi-Ttapa 2018ko abe. 5a, 10:41
Anizko Asteburu Kulturala, duela urte batzuk. Orduan ere itzulia egin zuten herri inguruan.

Larunbatean herri inguruan itzulixka eginen dute, leku-izenak ikasteko eta arratsean bertso-afaria Aitor Sarriegi eta Oihana Iguaranekin

Abenduaren 8 eta 9an asteburu kulturala izanen dute Anizen eta egitarau zabala prestatu dute horretarako. 

 

Abenduaren 8an, larunbatean, goizeko 11:00etatik 13:00ak artio herri inguruan dauden belagi eta parajeetan barna itzulixka eginen dute, eta bidenabar belagi eta tokien izenak paratuko dituzte dagokion lekuan. Izan ere adin batetik beheitiko haur eta gaztettoek parajeen izenak zeinek diren ez baitakite. Itzulixkan Anizko adineko jendea ere egonen da, izenaren berri emateaz gain, azalpen gehixeago ere emateko.

Bazkalondoan, 15:00etan haurrendako ginkana eta jokoak izanen dira. Jokoen oinarrian Anizko ohiturak, etxe izenak, jendea... egonen dira. Jostetan aritu ondotik txokolatada izanen da elkartean. Txokolatea jan bidenabar  bideo emanaldia izanen dira elkartean. Eguna ongi akitzeko, bertso afaria izanen dute Aitor Sarriegi eta Oihana Iguaranekin. Afariko txartelak edozein aniztarri eskatuta erosten ahalko dira 30 euroan.

Biharamunean, igandean, argazki emanaldia eta talo ikastaroa izanen dira. Taloak egiten ikasi ondotik, horixe bera bazkalduko dute aniztarrek. Postretarako, Anizko haurrek asteburu kulturalerako espreski bildu dituzten gaztainak janen dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun