30 urtez beheitiko Baztango nekazari gazteei aitortza instituzionala egin die Baztango Udalak azaroaren 21ean Balleko Etxean. Gaur egun, hamabi nekazari gazte dira Baztanen, baina laster bi gehiago izanen dira. Horietako batzuk izan dira astearteko ekitaldian: Jon Arretxea, Aitor Almandoz, Jon Ander Bengoetxea, Joseba Alberro, Julen Arburua eta Manex Urrutia, hain zuzen. Joseba Otondo alkatearen erranetan, «Nafarroako mendialdeko gainerako tokiekin konparatuz gero, alimaleko zifra da. Alta, Baztanek nekazari gehiago behar ditu». Sektorea gaztetzearen eta berritzearen beharra azpimarratu du alkateak, «Baztango nekazari profesionalak 233 baldin badira, %47ak 55 urte baino gehiago baititu». Horregatik, Udalak eskerrak eman dizkie gazteei.
Astearteko hitzorduan Otondok oroitarazi duenez, «hamarkadak dira nekazal politikek mendialdeko nekazaritza estu hartu dutela eta gainbehera ekarri». Horri buelta eman behar zaiola uste dute udal ordezkariek eta «lan-baldintza duinak eta justuak sortuko dituen nekazaritza eredua bulkatzea ezinbertzekoa» dela. Eredu berria bulkatzeko «gizartearekin elkarrizketa hastea» beharrezkotzat jo dute: «orain urte bat Elizondon esne sektorearen alde egin zen manifestaldian ikusi zen bezala, herritarrek nekazaritza nahi dute. Baina oraingo sistemarekin ezinezkoa da. Beraz, gizarte osoarekin elkarlana egitea beharrezkoa da: herritarrek jateko onak nahi dituzte, inguru zainduak, nekazal kultura bere zabaltasunean eta nekazariek hori bera egiten ahal dute».
Baztan nekazaritzarik gabe «pentsaezina» dela nabarmendu du alkateak. «Ehunka urtetan garatutako kultura, ingurua, paisaia… Horiek denak nekazaritzak egin ditu. Hori gabe, arrantzalerik gabe kostaldeko herrien gisakoetan bihurtuko gara: postalean». Gaiarekin lotuta, «nekazaritza eta elikaduraren arteko harremana indartzeaz» aritu da: «herritarrek zer jaten dugun, nola produzitzen den, nondik heldu den, zer lan-baldintzetan egin den, inguruan duen eragina… jakin nahi dute eta horren parte izan ere bai. Landa eremuak eta mendialdea bizirik atxikitzeko galdera eta kezka horien gainean aritu beharko dugu denok».
Lege eta dekretu «zuzenak» egin behar direla ere adierazi du Otondok. «Orain berean Nafarroako Gobernua lantzen ari den nekazal ustiategien baldintza higieniko-sanitarioen dekretuan 1.200 behi buru eta 6.000 ardi buru artioko esplotazioak baimentzeaz ari dira». Neurri horiekin «mendialdean nekazaritza» ezinezkoa delakoan daude udal ordezkariak. Hala, «oraingo nekazaritza kontrolatzen duten banatzaile handi, industria eta hornitzaileen gainetik, nekazarien eta herritarren arteko tokiko aliantzak indartu behar dira, bideragarriak eta zentzuzkoak diren ereduak bultzatuz».
Nekazari gazteei zuzenduz, «ilusio eta gogoa» norberaren lanerako «beharrezkoa» dela azaldu du alkateak ekitaldian, baina aldi berean, beraien arteko elkarlana ere «beharrezkoa» dela ere bai: «bakarka bertzenaz bertzeak nagusitzen dira».