‘Landa eremuaren garapenean ekonomia eta hizkuntza eskutik’ solasaldia eskainiko dute azaroaren 21ean Elizondon

Ttipi-Ttapa 2018ko aza. 19a, 16:08
Mexikoko nahuatl hizkuntza eta Tosepan Kooperatiba taldearen kasuaz solastatuko da Lizbeth Sanchez Ortiz.

‘Landa begiradak’ jardunaldien baitan eskainiko du Lizbeth Sanchez Ortizek asteazkenean 19:30ean Arizkunenean 

Baztango Udalak antolatutako ‘Landa begiradak’ jardunaldien baitan, azaroaren 21ean, asteazkenean 19:30ean Arizkunenea Kultur Etxean, Landa eremuaren garapenean ekonomia eta hizkuntza eskutik goiburupean, Mexikoko nahuatl hizkuntza eta Tosepan kooperatiba taldearen kasuaz solastatuko da Lizbeth Sanchez Ortizek, Garabide Elkarteak antolatutako mintzaldian.

 

José Bové azaroaren 24an

José Bové Frantziako nekazaritza sindikalista eta europarlamentaria da. Europako parlamentuan nekazaritza eta landa-garapeneko lehendakari ordea eta Confédération paysanne nekazal sindikatu frantsesaren fundatzailea eta bozeramaile ohia ere bai. Nekazaritza-politika alternatiboaren bila, tokian tokiko nekazari ttikien defentsan atera da beti, nazioarteko merkataritzako itun ekonomikoak salatuz. Elikadura burujabetzaren aldeko ekintzailea izanik, nazioarteko ekimenetan parte hartu izan du. Transgenikoen kontra ere gogor mintzatu izan da. José Bové landa eremuen eta nekazaritzaren etorkizunaz ariko da, geroari buruz Baztanerako kontuan hartzeko gaiak. Mintzaldia Udalak antolatu du eta azaroaren 24an, Arizkunenea kultur etxean izanen da, 11:30ean. Euskarara aldi bereko itzulpen zerbitzua eskainiko da. Bovéren mintzaldia Landa Begiradak goiburupean Udalak antolatu dituen jardunaldien barnean eginen da.

 

Eutsi baserriari bazkaria egun berean

Egun berean, ‘Eutsi baserriari’ goiburupean nekazarien bazkaria ere antolatu dute 14:00etan Antxitonea trinketean. Txartelak salgai daude Mendi, Albaitaritza eta Baztandarra Kooperatiban azaroaren 15era bitarte.

 

Azaroaren 26an, azkenik, Adinekoen zaintzarako udal planaren aurkezpena eginen du Iñaki Buitron Arcinnova aholkularitzako teknikariak Arizkunenean (18:00).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun