Kanporaketa. Azaroak 16, ortziralean 20:00etan Irurtzungo Pikuxar Elkartean (doan)
Mikel Lasarte (Barañain), Amaia Elizagoien (Oronoz Mugairi), Saats Karasatorre (Etxarri Aranatz), Idoia Granizo (Altsasu), Patxi Castillo (Bera) eta Aitor Irastortza (Azpirotz) . Gai-jartzailea: Zigor Gartzia.
Kanporaketa. Azaroak 16, ortziralean 20:00etan Lizarrako La Bota Peñan (doan)
Sarai Robles (Barañain), Endika Legarra (Iruñea), Xabat Illarregi (Leitza), Irati Majuelo (Iruñea), Egoitz Gorosterrazu (Ituren) eta Josu Sanjurjo (Lesaka).Gai-jartzailea: Maialen Kamino.
Finala azaroaren 23an Elizondon
Aipatu bezala, finala hurrengo ortziralean, azaroaren 23an, 19:30ean jokatuko dute Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean, bi kanporaketetako hiru lehen sailkatuek. Gai-jartzaile lanean Maialen Belarra ariko da.
Zortzigarrenez, Mariano Izeta gogoan
Nafarroako Bertsozale Elkartea eta Baztango Udala dira Mariano Izeta Sariketaren antolatzaileak, eta Baztango Bertso Eskola ere aritzen da finala antolatzeko lanean. 2004. urtean antolatu zuten sariketa lehen aldiz, eta bi urtean behin jokatu da ordutik; tarte horretan, ondorengoak izan dira txapeldunak: Jon Barberena, Oier Lakuntza, Jon Elizetxe, Iñaki Aleman, Aimar Karrika, Saioa Alkaiza eta Joanes Illarregi.
Mariano Izetak (Elizondo, 1915-2001) herri kultura eta bereziki bertsolaritzaren alde egindako lan handia eskertzeko helburua du bere izena daraman sariketak. Lanbidez erloju-konpontzailea zen Izeta, baina horretaz aparte lan itzela egin zuen herri kultura eta ondarea biltzen eta ezagutarazten. Egindako guztiagatik, Baztango seme kuttuna izendatu zuten. Idazle, “Nafar Izkuntza”-ko kolaboratzaile, Euskaltzaindiako kide, Baztango hiztegien egile, mutil-dantzen sustatzaile… hamaika kontutan ibili zen Izeta.
Bertsolaritza izan zen bere zaletasunik handienetakoa. 1936. urtean egin zen lehen Nafarroako Bertsolari Txapelketan lagundu eta hortik aurrera hamaika bertso saio antolatu zituen. Nafarroako Bertsozale Elkarteko ohorezko presidentea zen.
Izeta Sariketak, garai batean jokatzen zen Xalto Sariketa edo iaz abiatutako Bertsokabi Sariketa bezalaxe, Nafarroako bertsolari gazte eta hasiberriei bultzada ematea du xede, plazak eskainiz, haien bertsogintza garatu eta ezagutzera eman dezaten.