‘Landa begiradak’ jardunaldiak antolatu ditu Baztango Udalak

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2018ko aza. 9a, 07:21
Florentino Goñi eta Joseba Otondo, jardunaldien aurkezpenean. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Nekazaritzaren etorkizunaz ariko da José Bové sindikalista ezaguna azaroaren 24an Elizondon

Landa begiradak goiburupean antolatu dituen jardunaldien bitartez, «landa eremuari buruzko gogoeta kritikoa pizteko elkargunea» eraiki nahi du Baztango Udalak. Film emanaldiak, solasaldiak eta adinekoen zaintzarako udal planaren aurkezpena izanen dira egitarauan, baina beharbada, erakargarririk handiena José Bové nekazaritza sindikalista ezagunak eta europarlamentariak azaroaren 24an eskainiko duen solasaldia izanen da. Egun berean, ‘Eutsi baserriari’ goiburupean nekazarien bazkaria ere antolatu dute 14:00etan Antxitonea trinketean. Txartelak salgai daude Mendi, Albaitaritza eta Baztandarra Kooperatiban azaroaren 15era bitarte.

 

Adierazpide desberdinen bidez oraingo garai eta jendartean orokorrak diren hizpideak landa-eremuen berezitasunetik aztertuko dituen eremua izan nahi duela ere aipatu zuten Joseba Otondo alkateak eta Florentino Goñi zinegotziak, azaroaren 8an egin zuten aurkezpenean. «Landa-eremuei buruzko agenda politiko eta publikoa lehiatzeko sortzen den gogoeta gunea da, landa-eremuko egiazko arazoak eta erronkak zein diren identifikatuz eta horiei buruz hausnarketa eta esku hartzeak bulkatuz».

Landa-eremuei buruzko iruditegi berriak sortzeko nahia ere bada; gainbeheran eta egiturazko krisian diren lurraldeak izanagatik, sortzaileak eta erakargarriak diren espazio sozialak izaten ahal direlako. Azken batean, landa eremu biziak izateko egin beharreko trantsizio sozial eta ekologikoaren nondik norakoa zirrimarratu nahi du.

 

José Bové azaroaren 24an

José Bové Frantziako nekazaritza sindikalista eta europarlamentaria da. Europako parlamentuan nekazaritza eta landa-garapeneko lehendakari ordea eta Confédération paysanne nekazal sindikatu frantsesaren fundatzailea eta bozeramaile ohia ere bai. Nekazaritza-politika alternatiboaren bila, tokian tokiko nekazari ttikien defentsan atera da beti, nazioarteko merkataritzako itun ekonomikoak salatuz. Elikadura burujabetzaren aldeko ekintzailea izanik, nazioarteko ekimenetan parte hartu izan du. Transgenikoen kontra ere gogor mintzatu izan da. José Bové landa eremuen eta nekazaritzaren etorkizunaz ariko da, geroari buruz Baztanerako kontuan hartzeko gaiak. Mintzaldia Udalak antolatu du eta azaroaren 24an, Arizkunenea kultur etxean izanen da, 11:30ean. Euskarara aldi bereko itzulpen zerbitzua eskainiko da. Bovéren mintzaldia Landa Begiradak goiburupean Udalak antolatu dituen jardunaldien barnean eginen da.

 

Landa Begiradak

Bovéren mintzaldia baino lehen, azaroaren 18an, igandean 19:00etan Petit Paysan pelikula eskainiko dute Iruritako Damaso Zabalza Gizarte Bilgunean.

Azaroaren 21ean, asteazkenean 19:30ean Arizkunenea Kultur Etxean, Landa eremuaren garapenean ekonomia eta hizkuntza eskutik goiburupean, Mexikoko nahuatl hizkuntza eta Tosepan kooperatiba taldearen kasuaz solastatuko da Lizbeth Sanchez Ortizek, Garabide Elkarteak antolatutako mintzaldian.

Azaroaren 26an, azkenik, Adinekoen zaintzarako udal planaren aurkezpena eginen du Iñaki Buitron Arcinnova aholkularitzako teknikariak Arizkunenean (18:00).

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun