Prestakuntza praktikoa eginen dute, uholdeak gertatzen direlarik autobabeserako uhateak nola paratu ikasteko eta, era berean, gehiago ikasiko dute uholdeen kudeaketa hobetzeko, eta jendearen eta komunitateen autobabesa sustatzeko moduaz, uholde arriskuei eta mehatxuei aurre egite aldera.
Egitaraua
Ekitaldia hasteko, 14:30ean ongietorria eginen du Joseba Otondo Baztango alkateak eta ondotik, Amets Inda Sunbillako alkateak hartuko du hitza. 14:40an, Eva Garcia Balaguer, Nafarroako Gobernuko Ingurumeneko zuzendari nagusiak solastatuko du eta Luis Sanz Azkarate, GAN erakundeko uraren alorreko arduradunak H2Ogurea proiektuaren laburpena eginen du.
Ondotik etorriko da prestakuntza tailerra, uholdeak direnean uhateak paratzeko, CAG Canalizaciones-eko Jesus Irigoienek gidatua. Azalpen orokorra emanen du, uholdeen aurkako uhateen funtzionamendua eta paratzeko modua erakutsiz eta gero saio praktikoa eginen dute, auzokide eta merkatari bakoitzak uholdeen aurkako bere uhatea paratuko du leku berean eta argibideak eman eta zalantzak argituko dituzte Jaime Urrutia karrikan.