Aizkolari bakoitzak sei pago-enbor moztu behar zituen: bi kanaerdiko (54 ontzakoak), bi 60 ontzako eta bi oinbiko (72 ontzakoak). Jesus Mari Mujika ongi nagusitu zen eta 20 minutu eta 43 segundo behar izan zituen lana burutzeko. Bigarren izan zen Luis Txapartegik ia minutu bat gehiago behar izan zuen (21 minutu eta 37 segundo). Podiumeko hirugarren koxkara igotzeko lehian izan zen borrokarik handiena eta azkenean bi segundo eskasengatik Aratz Mugertza III.a nagusitu zitzaion Joxean Etxeberriari. Mutrikuarrak 22 minutu eta 28 segundo behar izan zituen eta Zigakoak 22 minutu eta 30 segundo. Bosgarren postuan, ez zen urrun ibili Lezaungo Juanjo Lopez (22 minutu eta 46 segundo) eta Arkaitz Jauregi arabarra izan zen seigarren, 23 minutu eta 36 segundoko denborarekin.