Jo ala Jo taldeak berreskuratutako Gamioxarrea dolarea izan ohi da Kirikoketa bestaren erdigunea, baina herri osoan barrena ere sumatu zen besta giroa. Plaza inguruan hainbat artisau postu zeuden, eta herrian zehar ere ibilaldia egin zuten musikari, erraldoi eta antzezpeneko protagonistek. Izan ere, Kirikoketa bestan, XVIII. mendera egiten da gibelerat. Garai bateko gizartea pixka bat hobe ezagutzeko aukera eskaintzen dute Arizkunen. Duela mende batzuk, Baztanen, sagarrondo anitz zegoen, eta sagardoa zen etxe guztietan sartzen zen edaria. Sagardoa dolareetan egiten zen eta agintariek ezartzen zuten bere prezioa. Jo ala Jo taldeko kideek eta bertze hainbat boluntariok larunbatean egindako antzezpenean, XVIII. mendeko sagardogintza ezagutzeko parada izan zen.
Lainopean iratzarri zen eguna, nahiz eta gerora, eguzkiak ere bestarekin bat egin zuen. Prozesioan, herriari itzulia eman zioten txistulariek, Bozatetik etorritako kirikoketariek (diotenez, kirikoketari onenak Bozatekoak ziren), sagarra zekarren gurdia, astoak tiratuta, eta baita gaitari eta erraldoiek ere (Baztango kirikoketariak, eta Ortuellatik urtero etortzen diren Polunpa taldekoak). Gamioxarrera ailegatutakoan, Gamioko Migel eta Kattalinek harrera egin zieten denei eta kirikoketariekin eta sagarra ekarri zutenekin negoziazio gogorra izan zuten, lanaren truke ordaindu behar zuten kopuruaren inguruan. Adostasuna erdietsita, Gamioxarreako ateka zabaldu eta dolarean, azalpenak eman bidenabar, kirikoketariak sagar jotzen aritu ziren, etenik gabe, erritmo desberdinak baliatuz, taldean, kirikoketa eskuan, ehundaka kilo sagar jo, zanpatu, dolarean estutu eta zukua ateraz. Sagar zukua dastatu ahal izan zen, kupeletan sartu aitzinetik. Orain, hilabete batzuk itxaron beharko dira, sagar zuku hori, sagardo bilakatzeko. Gamioxarrean txandaka jendetza sartzen zen bizkitartean, herrian zehar, Iruñeko, Hernaniko eta Madrilgo txalapartarien emanaldiak izan ziren, erraldoien kalejira, eta frontoi gibelean 10x10 metroko mural bat margotzen jardun zuten. Gerora, frontoian, 200 lagunek bazkaldu zuten. Arratsaldean, Oñatiko Oñatz dantza taldearen emanaldi ikusgarriaz gozatzeko aukera izan zen, Eusko Ikaskuntzaren mendeurrena gogoratuz. Gauez, talde eta disko jartzaileek parte hartu zuten, gaupasa ederrean.