XIX. Kirikoketa Besta Arizkunen eginen dute azaroaren 3an

Ttipi-Ttapa 2018ko urr. 31a, 08:08
Beti bezala sagarra Kirikoketa doinuarekin joko dute Gamioxarrean, baina aurtengoa ospakizun berezia izanen da.

Eguerdi partean Txalapartaldia eskainiko dute zenbait taldek eta arratsaldean Oñatiko dantza taldeak dantzatuko du, Eusko Ikaskuntzaren sorreraren mendeurrenean 

Jo ala Jo Kultur Taldeak hemertzigarren urtez antolatutako Kirikoketa Besta azaroaren 3an ospatuko dute Arizkunen. Egun osorako ekitaldiak prestatu dituzte, baina aurtengoa berezia izanen da. Izan ere, Eusko Ikaskuntzaren sorreraren 100. urteurrena da aurten. Baztandar Mutil-dantzariak 1918. urtean Oñatin izan ziren beraien dantza erakustaldia egiten eta aurten, mende bat beranduago, Oñatiko Oñatz dantza taldea etorriko da Arizkunera dantzatzera. 

 

Larunbat goizean, 10:40an ohiko ibilaldia eginen dute Gamioxarrera. 11:00etan harrera eta ate irekiera eginen dute eta ondotik sagardogintza erakustaldia eginen dute XVIII. mendeko dolaretxean. 11:15ean Baztango gaitariak eta kankailuak ibiliko dira herrian eta Txalapartaldia eskainiko dute zenbait taldek: 12:00etan Iruñeko Taketan pilotalekuan, 12:30ean Hernaniko BihoTx elizan eta 13:00etan Madrilgo Madrilen Txalaparta taldeak Taskan. Pilotalekuan 10x10 metroko murala margotiko dute, Malmö Ilustration eta Jabiren eskutik, Baztandarren Biltzarra eta Arizkungo herriarekin elkarlanean. Sagardo saltzaileak asto eta gurdian ibiliko da, eskualdeko artisau azoka eginen dute eta Berriozarko albokariak aditzeko aukera ere izanen da. 12:30ean tinkatzea eta zuku dastaketa eginen dute eta 13:45ean kirikoketa jotzea, Gallartako Harrigorria dantza taldea eta Baztango Kirikoketariekin. Baztango Xulubitariekin Jauziak ere izanen dira. 14:45ean bazkari herrikoia eginen dute. 18:00etan kalejira eta plazako aitaldia Oñatiko Oñatz dantza taldearekin eta 21:00etan parti aparta, Andrelina Jolin, Intro Txalaparta, Julivert (Katalunia) eta Makulu Ken taldeekin. 01:00etan hasita Tirri&Tery Jai-alai Guateke eta DJ-Reimy.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun