Hondakin organikoen sortzaile handienekin bakarrik abiatuko da Baztango Plana

Ttipi-Ttapa 2018ko urr. 26a, 07:38
Azken hilabeteetan hondakinen bilketari buruzko hainbat bilera egin dira Baztanen.

Udalak ez du plana osotasunean onartu, UPNk eta Geroa Baik bosgarren edukiontziaren aldeko jarrera erakutsi baitute

Baztango udal batzarra egin zuten urriaren 25ean, ortzegun arratsean.Atzo ilunabarrean, Landutako puntuen artean, hondakin bilketa sistema berriaren puntua zegoen. Aipaturiko hondakin bilketa sistema berria  lantzen aritu dira Baztango udaleko eta Malerreka eta Bortiziretako Mankomunitateko hondakin teknikariak. Luze aritu dira, tentuz, proposamena prestatzen. Batez ere, hondakin organikoaren bilketa areagotzeko eta araudiari egokitutako bilketa portzentaietara ailegatzeko. Izan ere, hondakin organikoa da gehien sortzen duguna, eta era berean, guttien bereizten duguna. 

 

Hilabeteetako lanen ondotik, behin sistema berriaren proposamena eskuan, azken hilabeteetan Baztanen, herriz herri aurkeztu zaie herritarrei. Laburki erranta, proposatutako sistema berriak hiru fase zituen. Hasteko, hondakin organikoen sortzaile handienen hondakin organikoen etxez etxeko bilketa osoa egitea, hau da, adinekoen egoitzak, jatetxeak, janari dendak, … bigarren fasean, herritar ororengan eragina izanen lukeen konpostajearen areagotzea legoke, app baten bidez hondakin organiko bilketa sistematizatuz, honela, datu fidagarriak lortu, eta hondakinak ongi bereizten duten herritarrei pizgarri fiskalak aplikatuz. Eta hirugarren fasean, batez ere kontenedore berdearengan eragitea zegoen, hauen kopurua eta baita tapak ere mugatzea, orain arte bezala, bertara edozer gauza botatzea saihestu asmoz.

Urriaren 25eko osoko bilkuran, azkenik, lehenbiziko puntua soilik bozkatu zen, izan ere, osoko bilkuraren bezperan, UPNk plana ez zuela babesten eta 5. edukiontzia lehenesten zuela argitaratu zuen. Joseba Otondo, Baztango alkateak kritikatu egin zuen UPNren jarrera. Alkateak zioenez, «hilabete aunitzetan zehar landu da gaia, batzorde aunitzetan saiatu dira planari ekarpenak egiten eta behin eta berriz izan dute alderdi guztiek aukera planaren nondik  norakoetan eragiteko, eta azken minutuan, osoko bilkurara eraman denean, agertu dute desadostasuna». Udal gobernua saiatu omen da denen artean irtenbide adostu bat bilatzen eta inork ez omen du proposamenik egin, osoko bilkuran bozkatu behar zen arte. Joko politiko ankerra egitea leporatu zion alderdi erregionalistari.

Honek halakorik ez zegoela ihardetsi zion eta orduan, joko politikorik ez balego, errespetu faltaren mugan kokatu zuen UPNren jarrera, orain arteko batzorde guzietan galdegin zitzaielako planaren hobekuntza proposamenen berri eta ez zuten halakorik egin. Haoinbertze hilabeteetako lana zapuztea leporatu zien. UPNk erantzun zuen, ez dutela proposamenik egin, plan hori ez dutelako hobetu nahi, baizik eta 5. edukiontzia lehentsiko duen plan alternatibo bat egin.

Geroa Bai ere 5. edukiontziaren alde agertu zen, Lesakan ongi funtzionatzen zuela eta merkeagoa zela argudiatuz. Otondok, kontrara, erran zuen saiatu direla Lesakako bilketa datuak eskuratzen, baina ez omen dago halakorik, beraz, ezin dela baieztatu hobeki funtzionatzen ote duen. Kostuari dagokionean, ezetz, txostenen datuak esku artean, 5. edukiontzia ez dela merkeago erantzun zuen.

Behin eta berriz aipatu zuen Otondok, beren asmoa izan dela beti adostasuna bilatzea eta ez zutela nahi inork hondakinen gaia arma politiko gisa erabiltzea, ez direla inoiz 5. edukiontziaren kontra egon, baizik eta zinez eraginkorra izanen den plan bat landu nahi izan dutela. Atzoko jarrerak ikusita, eta inork hondakinak joko politikorako ez erabiltzeko, planean aurreikusten ziren 2. eta 3. puntuak alde batera uztea eta soilik lehenbizikoarekin aitzinet segitzea, hau da, hondakin organikoen sortzaile handienekin plana abiatzea proposatu zuen gobernu taldeak. Hori bozkatu eta onartu egin zen, EHBildu eta Baztango Ezkerrako hautetsien 6 aldeko bozkarekin, UPNren kontrako 4ekin eta Geroa Bai eta Baztan Auzolanean taldeko zinegotzien 3 abstentziorekin. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun