Mutildantza baztertzaileekin akitzea eskatu dute zenbait eragilek

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2018ko urr. 25a, 06:43
Elizondoko eliz atarian agerraldia egin zuten asteazken arratsaldean zenbait gizarte eragilek, Mutildantza baztertzailearen aurka egiteko.

Elizondoko eliz atarian egiten denarekin akitzeko eskatu diote Baztango Mutildantzariak taldeari

Baztango zenbait eragile elkartu ziren urriaren 24an Elizondoko eliz atarian, eskakizun zehatz bat egiteko: «hementxe berean, gu gauden toki honetan, Baztandarren Biltzarrean eta Elizondoko bestetan egiten den dantza baztertzailearekin akitzea». 

Baztango Talde Feminista, Plazara Dantzara, Jo ala Jo, Baztandarren Biltzarra, Elizondoko herria eta Besta Batzordea eta Batzar Nagusiko zenbait kideren izenean, Baztango Mutildantzariak taldeari eskatu diote “bazterketak egiteari uzteko, bai hemen, bai bertze edozein eremutan. Bazterketarik gabeko Baztan nahi dugulakoz. Hamarkadak pasatu dira emakumeok, gure eskubideen defentsan Baztango Mutildantzetan parte hartzeko nahia azaldu genuenetik. Bide luzea izan da eta denetarikoak izan dira emakumeak jasan ditugun erasoak, ahozkoak zein fisikoak. Ez da xamurra izan. Emakume bezala bestaz, dantzaz, plazaz eta tradizioez libreki eta nahi bezala gozatzeko eskubidea bermatu nahiak, antolatu eta borrokatzera eraman gaitu”.

 

Hortaz, kolpeak jasan bezain laster zutitu direla eta aitzinerat segitu dutela azpimarratu nahi izan dute, «emakumeak izateagatik gure etorkizuna, gure askatasuna, eta gure bizitzak egunero jokoan daudelakoz. Guk gure gorputza eta dantza, gure arma bihurtu ditugu, batzuk gudu-zelai bihurtu nahi izan dituzten arren. Borroka luze honen ondorioz Mutildantza dantzatzen den herriko plaza publiko guztietan dantza parekidea izatea bermatu dugu».

Herri honetan ere emakumeen kontrako erasoak oraindik ematen ari direla gogoratu dute. «Behin eta berriz salatu dugu matxismoaren alardea den eraso sexista kolektibo hau. Plaza publikotik kanpo emateak ez du erran nahi onartu behar denik. Etxe barnean eta altxapeka ematen baitira emakumeen kontrako eraso gehienak (irainak, kolpeak, bortxaketak, eta erailketak), eta elizate honetan gertatzen dena eraso larri horien oinarrian dagoen patriarkatuaren adierazgarri argia dugu».

Hau dena salatuz mozio bat aurkeztu zuten Baztango Udaleko Osoko Bilkuran eta Batzar Nagusian. Osoko Bilkuran mozio hau ez zen aitzinerat atera Geroa Baik, Baztango Ezkerrak eta Baztan Auzolanean-ek honen kontra egin zutelakoz. «Zenbait ekitaldi instituzionaletan pankartan gibelean emakumeen indarkeria salatzen ikusten ditugunak, oraingo honetan bazterketa hau babestu dute», salatu dute Baztango talde eragile hauek.

Batzar Nagusiak berriz, salaketarekin bat egin du, «zenbait herriko alkate eta junterok eta EHBilduko hautetsiek erakutsi dutelakoz herritar guztiak ordezkatzen dituztela eta ez dutela bazterketarik onartuko. Bertze batzuk abstentziora jo dute, UPN barne. Hauei garbi erraten diegu, erasoa salatzen ez duenak bidea libre uzten duela honek bere horretan segi dezan».

Idatzia akitzeko diotenez, «Baztanetik, Hondarribira, Iruñetik, Baionara, mendez mende eta inkisizioz inkisizio, gure eskubideak defendatzen eta bermatzen segituko dugu emakumearen zapalkuntzarekin akitu artio».

 

Erlazionatuak

Idoia Gillenea-Elurre Iriarte

Xorroxin irratia 2018 urr 25 Baztan

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun