«Oztopo guztiak gainditu eta gogor lan eginez, artisautzatik bizitzea lortu dut»

Ttipi-Ttapa 2018ko urr. 24a, 13:29

Mari Jose Brust, Iruritako artisaua

Iparraldeko Arrosa herrian sortua bada ere, bizi erdia baino gehiago Baztanen egin du Mari Jose Brustek. Iruritako kaskoan bizi da eta etxean du lantokia. Orduak eta orduak pasatzen ditu sukaldean, «marmeladak egin eta egin».

 

Zer ikusi, hura ikasi
Etxetik datorkio zaletasuna, etxetik bertako produktuekiko estimua: «etxean amak ere egiten zuen, eta ohitura horiek hartu ditut. Iparraldean bertako produktuak estimatuak dira, eta hori nire egin dut». Gaztetxoa zelarik, hasi zen marmeladak egiten: «eskolatik atera eta masusta biltzera joaten ginen; ondotik, sukaldean  saltsan ibiltzen ginen». Etxetik merkaturako urratsa «ustekabean» eman zuen Brustek: «duela 22 urte masusta plantazio batekin hasi ginen». Ezagutzera ematea «arras zaila» zenez, etxean kontsumitzeko produktuak egiteari ekin zion: «likoreak eta marmelada egiten nituen, autokontsumorako». Azoka batean bere lana erakutsi eta jendearen harrera ikusteak lagundu zion pausoa ematen: «jendeak, probatzen zuelarik, erosi nahi izaten zuen eta nik ezin izan nuen saldu, ez nuen erregistrorik». Marmelada eske «etxeraino» joaten zitzaizkion, eta hori ikusirik, «lanbide bilakatzea» pentsatu nuen.

Oztopoak gaindituz
Hastapenean, hainbat ikastaro egin zituen: «kimikaz, erabil daitekeen tresneriaz, enpresen kudeaketaz eta kontabilidadeaz… ikasi ahal izateko».  Etxean lantegia jartzeko beharrezkoa zuen guztia bere kabuz egin zuen Brustek: «prozesua arras zaila izan zen, batek gauza bat eta bertzeak bertzea zioten». Azkenean, «osasungintzako nagusiarengana» jo zuen. Oztopo guztiak gaindituta, saltzeko behar zuen «osasun erregistroa» lortu zuen.

Fruta freskoa, kalitatearen gakoa
Hasmenta zaila izan zen: «lehenbiziko hiru urteak gogorrak izan ziren». Etxean masustak izanagatik «hemen arras zaila da horrenbertzeko uzta jasotzea, urte on baten ondotik bi txar izaten dira». Berarentzat «fruta ona eta freskoa» da marmelada gozoak egiteko sekretua: «bildu, kamaran hoztu eta eltzera». Baina, izoztea ere tokatu izan zaio: «kantitate handian bildu dugunean usteltzen utzi baino nahiago izan dut». Kalitate oneko frutak lortzea «ez da erraza». Gaur egun, «gehiena» ekoizleei erosten die: «nire kontaktuak ditut, eta haiek badakite zer nahi dudan. Badakite garrantzia zaporeari ematen diodala, itxura ez zaidala inporta». Hasiera hartan dendetan «melokotoia, marrubia, arana, albertxikoa» saltzen zituztenez, «ez zegoena eskaintzeari» ekin zion: «nahasketak egiten nituen: melokotoia pikuarekin, udarea intxaurrekin…». Eta ezagutzera emateko «dastatzera emanez hasi behar izan nuen».

Gogotik lan eginez
Gaur egun, «ez du ez zortzi orduko lanaldirik, ez jaiegunik». Lan eta lan aritzen da,  16 marmelada zapore eskaini ahal izateko: «hiru sukalderako direnak, pikillo piperrarena edo tipula eta onddoarena erraterako; mistoak, tomatearena edo kalabaza eta laranjarena; eta azkenik, bertzeak, laranjarena…». Nafarroa eta Gipuzkoan hainbat dendetan ez ezik, «azoketan» ere saltzen ditu, «asteburu gutti egoten naiz geldi»: «Iruñean aunitzetan eta Elizondon udan, erraterako, ia astebururo izan gara». Ferietan ez dute posturik jarriko: «aspaldian saiatu ginen, baina ez du merezi, jendea ez doa horretara».

Kontsumo ohiturak aldatuz
Gibeleko lana «ez da behar bertze» baloratzen: «jendeak etxean eginda merkeagoa dela erraten du, eta, noski, hala da». Hori erraten dutenek «ez dute fruta biltzen behar izan den denbora, ez eta asegurua, autonomoak, inbertsioa… hortik ordaindu beharra dudan guztia ere» kontuan hartzen. Halere, pixkanaka kontsumoan aldaketak gertatzen ari direla uste du: «alde nabaria dagoela erraten dute». Janariarekin «gehiago» kostatzen da: «ardoekin, erraterako, aiseago onartzen dute kalitatearen arabera prezioan dagoen aldea».

kalitatea, aurkezpena eta etika zainduz
Egingaitzak diren eskariak ere jasotzen ditu: «masusten marmelada eskatu izan didate». Masusta kilo bat biltzeko «ordu eta erdi inguru behar dira guttienez, txinotik pasa eta erdia galtzeko… masusta-pepita trabagarria da, eta kendu behar izaten da. Zer preziotan saldu behar nuke? ezinezkoa ikusten dut». Merkeago egiteko modua izan badago: «erosi, eros daiteke, baina… zein baldintzetan bildua da? Errumaniatik arras merke ekar daiteke, baina aunitz haurrek lau sosetan bilduak dira… norberak jarri behar ditu mugak».  Artisau den aldetik, argi du «dena ongi egiten» saiatu behar duela: «kalitate aldetik, aurkezpen aldetik eta alderdi etikotik».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun