«Elizondoko Abesbatza ttikiak hamar urte beteko ditu eta hori ospatzeko proiekturen bat eginen dute, seguru»

Ttipi-Ttapa 2018ko urr. 24a, 13:06

Endika Beltran, Elizondoko abesbatzako kidea

Irunen ditu erroak, Baztanen sentimendua. Bizitzako lehendabiziko hiru urteak Gartzainen bizi izan zituen eta ez du sekula lotura hori urratzen utzi: «ondoko urteetan asteburu eta oporraldietan ere ez nuen hutsik egiten». Gaur egun, «ia egunero» egiten du Baztaneko buelta. Joan-etorrian musika du bidelagun. Ez da gaurko laguna.

 

Etxean «betidanik» musikazale «sutsuak» izan dira eta iturri horretatik edan du Endika Beltranek. Zaletasunean gurasoek izan duten eraginaz harago, entsegu eta kontzertuetarako joan-etorriak egiteko zein musika-tresnak erosteko eskaini dioten laguntza ere nabarmendu nahi izan du: «kanpotik ikusten ez den arren, laguntza hori zaletasuna bezain garrantzitsua izan da».

Musikan ibilbide emankorra
Sei urte zituelarik, «solfeo klaseak»  hasi zituen, eta urtebeteren buruan, biolina ikasten hasi zen. Pixkan-pixkan biolako erdi mailako ikasketak egin zituen: «ondotik, bonbardinoa eta tuba ikasten hasi nintzen». Bortz urtez Euskadiko Gazte Orkestran (EGO) ibili zen: «hamabortz egunez Eibarren elkartu eta profesionalak bezala ibiltzen ginen. Euskal Herriko auditorio garrantzitsuenetan egiten genituen entseguak eta Txina eta Italian ere birak egin genituen». Lanarekin bateratu ezin zuenez, 2007an utzi zuen. Bertze zenbait orkestretan eta pop-rock taldeetan ere jo izan du: «diska eta bideoklip batzuk grabatzera ailegatu nintzen» adierazi digu.

Orfeoian eta abesbatzan
Gaur egun, Donostia Orfeoiko kidea da eta 2014az geroztik, Elizondoko abesbatzan parte hartzen du Endika Beltranek: «urte horretan Nafarroako Orkestra Sinfonikoarekin elkarlanean egindako entsegu batera joan nintzen eta nire lehegusina Iraiak abesbatzako kide batzuk aurkeztu zizkidan. Denen artean animatu ninduten». Gaur egun «30 lagun inguruk» osatzen dute «etorkizun itxaropentsua» duen abesbatza. «Emanaldien arabera» antolatzen dituzte entseguak: «abestu beharreko obrak lantzen ditugu, beharraren arabera, astean behin edo bitan elkartuz. Emanaldirik ez badugu kanta gehiago ikasteko edo dakizkigunak hobetzeko baliatzen ditugu». Geldirik ez egotea da kontua.

‘Jolasean’, Elizondotik Gaiarrera
Azken aldian Gaiarre Antzokian eskaintzekoa duten Jolasean musikala entseatzen ari dira. Jolasean «abesbatzaren 75.urteurrenaren harira Josu Elberdin konposatzailearekin eginiko topaketei esker» garatu ahal izan zuten lana da: «momentu horretan sortu zen Jexux Baylonek aspaldian buruan zerabilen proiektua garatzeko aukera». Guztira «ehun lagun inguruk» parte hartzen dute musikalean: «oholtza gainean ikusten diren Jone protagonista, ama, amatxi, dendaria, zuhaitza, abebatza ttikia eta orkestraz gainera, talde teknikoa zein ile-apaintzaile lanez, makillajeaz, arropez… arduratzen diren laguntzaileak ere badaude».

Hitzetik egitera
Zailena hitzetik ekiterako bidea izan zen, «paperetik oholtzarako jauzia ematea» alegia: «hasieran partitura batzuk baino ez genituen, eta hori taularatzeko gidoia, pertsonaien arropak, eszenatokia, argiak, dantzak, agerraldi eszenikoen ordena… dena landu beharra zegoen». Guztia antolatzeko lanak banatu egin zituzten. «Garrantzitsuena» abesbatza ttikiak, Maki eta Kristina Urtasun ahizpen gidaritzapean, egindako lana izan zen. Lan teknikoa eta antzezpena «Jexux Baylonek hartu zuen bere gain eta ekipotik hasita, argi, koordinazio eta antzezleen estetikarainoko kontuak berak bideratu ditu». Alderdi musikala, berriz, Endika Beltranen esku gelditu da. Bertzeak bertze, «narratzaile, bakarlari, koro eta orkestraren arteko kohesioa» lortzeko zeregina izan du. Eginkizun horretan «oro har, Elizondoko bandak; eta bereziki, Rosa Mary Sanchezek asko lagundu didate» gaineratu du. Taularatzerakoan ere «urduritasuna kontrolatzeak» ere badu berea, eta Beltranek ongi daki hori: «Elizondon egin genuen lehendabiziko agerraldian mikrofonoaren bila joatea atzendu zitzaidan... teknikoak adi-adi zeuden eta beraiek etorri ziren jartzera... eskerrak!».

Emanaldi berezia
Elizondon aurkeztu zuten lehendabizikoz, eta arrakasta ikusirik, biharamunean bertze emanaldi bat eskaini zuten: «guztira 1.000 lagun inguru bildu ziren». Hirugarren emanaldia izanen da Gaiarrekoa eta zehaztuta dute eguna: «2019ko urtarrilaren 4an izanen da». Oinarrian lan bera izanagatik, «lekuaren ezaugarrietara egokitzeko, aldaketaren bat» egin behar izan dute. «Ahalik eta emanaldi hoberena» egitea da beraien buruei jarri dieten erronka, «aitzinetik bi egin ditugu eta beti hobetzeko asmoz gabiltza». Horrelako lan bat mugitzea «arras zaila» dela badakite ere, «azkena ez izatea» espero dute. Areago, «azkena ez izateko lanean jarraituko dugu» adierazi du. Halere, seguru azkena balitz bezala gozatuko dutela. Momentuz datorrenaz gozatzea dagokie. «Gero gerokoak, baina abesbatza ttikiak aurten hamar urte beteko ditu eta hori ospatzeko proiekturen bat aterako da…».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun