«Doneztebeko ferietan ahalik eta txukunen aritzeko buru-belarri ari naiz lanean»

Ttipi-Ttapa 2018ko urr. 24a, 12:51

Joxean Etxeberria Osakar, Zigako aizkolaria

Zigako Sabatenea baserrian sortu eta bizi da Joxean Etxeberria. Baserriaren bueltan eta aitaren arrimuan errotu zaio aizkorarako zaletasuna: «aita aunitzetan aizkoran ikusi izan dut eta haurra nintzenetik plazaz plaza erakusketetara eraman izan nau».

Ederki oroitzen ditu haurtzaroko asteburuak: «aizkora saioa non aita eta biok han izaten ginen».  Gaur egun aizkora «kirola baino gehiago» da Etxeberriarentzat: «libre ditudan tarteetan aizkora eskuan edo buruan izaten dut». Bertzeak bertze, «jendea ezagutzeko, emozioak sentitzeko, herri aunitz ezagutzeko…» bide eman dio. Aizkorak gaur egun berarentzat duen zererrana, hein haundi batean, ibilbidean bidelagun izan dituenei zor die Etxeberriak: «aitari eta etxekoei, Jose Luis Agestari, Periko Bertizi eta Leontxu Goñiri, eta jarraitzen didaten guztiei eskerrak eman nahi dizkiet».


Lehen kolpeetatik txapelketetara
Lehen kolpeak «hamabi-hamairu bat urterekin» eman zituen, «herrian bertan eta Sunbillako bestetan izan ziren lehendabiziko plazak». Orduan, «horretarako adina» prestatzen zen: «hori pasata egunerokoan ez nuen entrenatzen» gaineratu du. Hasiera hartan «makala ebakiz» hasi zen «pagoa baino beratzagoa denez, aiseago mozteko». Hamabortz urterekin, ordea, «aitarekin ikasi eta txapelketetan» parte hartzen hasi nintzen. «Iker Vicente, Zabala eta Julen Larrearekin batera» gaztetxoenetakoa zen Etxeberria. Ordutik txapelketa saila jokatu ditu: «hamabortz urtetik azpikoetan hasi nintzen, gero hemeretzi urtetik beheitikoetan eta orain hogeita hiru urte baino guttiagokoen eta absolutuen kategorian; urrezko aizkoran ere urtero aritu naiz».

Urtez urte hobera
Federazioarekin ere bertze hainbatetan parte hartu du, urtetik urtera emaitza hobeekin gainera: «Nafarroako hirugarren mailan hasi nintzen eta lehenbiziko mailara goititzea lortu nuen duela bi urte». Momentua «ilusioz eta poztasunez» oroitzen du, eta ez du aise atzenduko, asteburu hori «borobila» izan baitzen Etxeberriarentzat: «larunbatean Igantzin Euskal Herriko hirugarren mailako txapelketa irabazi nuen eta igandean Etxarri-Aranazen Nafarroako bigarren mailako finalean bigarrena gelditu nintzen, Mieltxo Mindegiaren atzetik». Pauso nabariak eman zituen zigar aizkolariak: «Euskal Herrian bigarren mailara eta Nafarroan lehenbizikora goititzea lortu nuen». Binakako txapelketa, berriz, aurten jokatu du lehendabizikoz, Iker Vicenterekin: «joan den urtean Nafarroako txapelketan bortzgarren gelditu nintzenez sarbidea lortu nuen». Gogor entrenatuz, irabaztea lortu zuten: «etxean lan onak egin genituen eta horrela arituta aukerak bagenituela pentsatu arren, arront berezia izan zen: batetik, gazteenak ginelako; eta bertzetik, laguna dudalako». Garaipena ospatzeko «elkarrekin bazkaldu genuen».
 
Apustu gogorra
Txapelketez gainera, apustu bat ere jokatu du Etxeberriak, Zalduaren aurka: «hamar kanaerdiko moztu eta lasterka egin genuen; nik zortzi kilometro eta seirehun metro eta hark hamar kilometro». Etxeberriaren ustez, «hasieratik aizkoran aitzin hartzean» egon zen garaipenerako gakoa: «hamar kanaerdikotan bi minutuko aldea atera nion». Abantailak abantaila, apustua «gogorra» izan zela gaineratu du: «lasterka biziegi hasi nintzen, eta bareak heldu zidan. Gorriak ikusi nituen buelta emateko». «Sei hilabetez» prestaketetan ibili zen Jose Luis Agestarekin: «astean hirutan entrenatzen nuen, kiroldegira joaten nintzen eta pistan edo zirkuituan lasterka ere ibili nintzen».   

Azaroaren 16an donezteben
Gaztea izaki, apustu gehiago eginen dituela uste badu ere, momentuan txapelketetan murgiltzea du lehentasun. Buru-belarri ari da lanean, batetik, «azaroaren 16an Doneztebeko ferietan jokatuko dudan Nafarroako txapelketan finalerako»; bertzetik «urri hasieran abiatu zuten Euskal Herriko bigarren mailako txapelketari hasiera ona emateko»; eta azkenik, «lehendabizikoz jokatuko dudan Gabonetako Koparako» prestatzen. Nafarroako finala «gogorra eta zaila» izanen delako aurreikuspena badu ere, ez du etsitzeko asmorik aizkolari gazteak: «kanporaketan nahiko motel nintzen, Lopezi hiru segundoko aldea baino ez nion atera. Finalerako ahal bezainbertze presatuko naiz, ea itxura hobetzerik dudan». Lau kana-erdiko, 60 ontzako bertze lau eta bi oinbiko moztu beharko ditu Iker Vicente, Ruben Saralegi, Jon Rekondo eta Oier Kañamaresekin batera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun