Ortzirale eta larunbat honetan ospatuko dituzte Elizondoko feriak

Ttipi-Ttapa 2018ko urr. 24a, 11:48

Ohi bezala, ortziralea izanen da egun handia. Merkatu Plazan, aziendak eta tresnak ikusteko eta erosteko aukera izanen da. Antolatzaileen arabera, 400 abelburu inguru bilduko dira. Horrez gain, karrikaz karrika, jantzi, objektu eta jakien 200 bat postu paratuko dituzte. Arratsaldean, berriz, herri-kirol saioa antolatu dute. Biharamunean, berriz, atsoferie gisa ezaguna den azoka izanen dute.

 

Aziendaren bueltan, tratuak eta trukeak
Azienda da eskualdeko baserritarrak urriaren 26an Merkatu Plazan biltzeko aitzakia. Ez nolanahikoa, ordea: 400 abelburu elkarren ondoan ez dira noiznahi ikusten eta. Aurten, banaz bertze, 100 zaldi, asto eta poni; 250 ardi; 20 behi; eta 30 ahuntz inguru plazaratuko dituztela aurreikusi dute. Horien bueltan, tratuak eta trukeak eginen dituenik izanen da.

Lanak errazteko, puntako tresneria
Baserri munduan beharrezkoak diren makinek eta bertzelako tresnek ere izanen dute beraien txokoa. Bereziki  negurako prestaketak erraztuko dituzten lanabes guztiak eskuragarri jarriko dituzte: traktore, motozerra, segadora edota egurra lehertzeko makinak, erraterako.  Eskaintza bereziren bat edo bertze ere izanen da, seguru. Buruan ideia argiak eta poltsikoak diruz beteak izanez gero, ez galdu aukera!

Jantzi, objektu eta jaki, aukera ausarki
Merkatu Plazara ailegatu arteko karriketan ere geldialdi andana egiteko parada izanen da. 200 postutan, jantziak, objektuak edo jakiak izanen dira salgai; batetik eta bertzetik ekarriak edo mimoz eginak. Denetarik ikusiagatik, hotzari aitzin egiteko, galtzerdiak; euriaz babesteko aterkiak; eta jakiak goxatzeko baratzuriak erosteko ohiturari eusten diete aunitzek.

Zintzurrak busti, sabelak bete
Aziendak ikusi eta postuz postu ibili ondotik, nork ez du tragoxka bat egiteko gogorik? Batzuek bilatzen duten lasaitasuna eskaintzeko eta bertzeek dituzten tripa-zorriak asetzeko, buru-belarri aritu dira lanean jatetxe, ostatu eta gozotegiak. Tradizioari eutsiz, garbantzuak azarekin eta usoa saltsan dira gehien eskatzen diren platerak. Baina bertzelako menuak, kazolak eta mokadutxo gazi-gozoak... ere izanen dira aukeran.

Herri-kirolak
Ortziralean, ohi bezala, herri-kirol saioa izanen da. Joan den urtean ez bezala, aurten goizean izanen dute hitzordua eta, aizkora apustua beharrean, proba konbinatuak izanen dira ikusgai. Zehazki, ingude goititzen, txingak garraio eta lokotx biltzen ariko dira, luzeko pilotalekuan. Euria izanez gero, berriz, Iriarte frontoira lekualdatuko dute hitzordua.

Larunbatean 'atsoferie'
Ortziraleko egun haundiaren ondotik, larunbatean atsoferie eginen da. Antzina, ortziralean produktuak behatu eta salneurriak alderatu ondotik, larunbatean begiz jotakoa erosteko baliatzen zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun