Baztango Udala eta Nafarroako Gobernua lankidetzan ariko dira Iruritako Dorrea etorkizunean publikoari irekitzeko

Ttipi-Ttapa 2018ko urr. 17a, 14:53
Iruritako Dorrea zaharberritzen ari dira eta Baztango Udala eta Nafarroako Gobernua lankidetzan arituko dira etorkizunean publikoari irekitzeko

2016an hasi ziren dorrea zaharberritzen, eta 2019an akituko dituzte lanak .

Baztango Udala eta Nafarroako Gobernua lankidetzan ariko dira Iruritako Dorrea etorkizunean publikoari irekitzeko. 2016an hasi ziren dorrea zaharberritzen, eta 2019an akituko dituzte lanak. Lankidetzarako terminoak Foru Gobernuak urriaren 17ko bileran onartutako eta bi erakundeek datozen egunetan sinatuko duten hitzarmenean jasotzen dira. Dorrea Erdi Arokoa da, Foru Erkidegoaren ondare arkitektonikoaren parte handi bat bezala, eta, ziurrenik, Baztango dorre-etxerik zaharrena da. 

Lankidetza

Lankidetzarako hitzarmenean jasotakoaren arabera, Vianako Printzea Erakundeak - Kultura Zuzendaritza Nagusiak obraren ondoz ondoko faseen kostua bere gain hartzen du, eta baita dorrearen aldamio egonkortzailea ezartzeak sortuko dituen gastuak ere. Bertzalde, Baztango Udalak behar diren kudeaketak eginen ditu dorrerako bideak erabilera publikoko beharrak bete ditzan. Udaletxeak ordainduko ditu sarbide horien kostuak.

Zaharberritze-obrek iraun bitartean, Udalak eraikinerako erabileren programazio bat kudeatu eta proposatuko dio Gobernuari, eraikinaren babes-erregimenarekin bateragarriak diren hiritarren irisgarritasuna eta bisita bermatzeko. Programazio horrek irekierako ordutegiak eta sartzeko baldintzak zehaztuko ditu.

Gobernuak, hitzarmen hau onartzeagatik ez du aparteko gasturik ordaindu beharko, zaharberritze-obretarako eta aldamio egonkorgailua ezartzeko jada hitzemandakoez gain.

Zaharberritze-prozesua

2001ean, Baztango Udalak 120.000 euro ingururen truke erosi zuen dorrea. Arras egoera ezegonkorrean zegoen, eta hura mantentzea eta haren erabilera publikoa bermatzea zen helburua. Higiezina kultur intereseko ondare gisa babestuta dago 1949az geroztik, Nafarroako Gobernuak 2013tik babestutako eta mugatutako ingurunearekin.

Dorrea erortzeko zorian zegoen, eta 2014an premiazko hainbat ekintza abiarazi eta gero (egonkortzaile bat jartzea hego-ekialdeko eta ipar-ekialdeko fatxadetan, eta eskorak barne-egitura osoan, eraikinak hondoratzeko arriskua zuela egiaztatu eta gero), 2016an, Gobernuak dorrea zaharberritzeko lehen fasea burutu zuen. Lan hura dorrea egonkortzean oinarritu zen, eta 482.075 euroko kostua izan zuen. Egurrezko barne-egitura desmuntatu eta gero, inguruko hormak egonkortu ziren.

2017an, bigarren fasea egin zen. Egurrezko barne-egitura eta estalkiak berreraiki ziren, eta 618.248 euroko kostua izan zuen. 2018an, hirugarren faseko lanak esleitu dira. Obra horiek 2019an amaituko dira, eta 319.418 euroko aurrekontua dute.

Dorrearen historia

Dorrearen historia baztandarren leinuari zuzenean lotuta dago. Baztango haranaren jauntasuna XI. mendean dokumentatuta dago. Hurrengo mendeetan, baztandarrak Nafarroako Erresumari lotuta egon ziren. Gerra zibiletan (XV. mendea), Jauregizarreko jaunak agaramontarren alde jarri ziren, eta, adibidez, 1496az geroztik Martín de Jaureguizar, Albreteko Juan eta Catalina de Foix errege-erreginaren idazkari izateko deitua izan zen. Errege-erreginek “orubearen eta jauregiaren antzinatasuna eta haren jabeen eta oinordekoen noblezia egiaztatu zuten. Erresuma honetako hamabi etxe zaharretako bat da, eta ohorezko eta Armagintzako Kaboen Jauregia".

Nafarroako bertze gotorleku batzuek bezala, eraikinak Gaztelako errepresalien ondorioak jasan zituen Nafarroako konkistan zehar. Iruritako jaunak eta haren semeek defendatutako Amaiurko Gaztelua 1522an errenditu zen, eta erregeordeak agindu zuen Albreten aldekoak ziren dorre baztandarrak botatzeko: Bertiz, Zozaia, Azpilkueta eta Iruritako Jauregizarrea. Dorrea parte handi batean bota, baina pixkanaka berreraiki zuten XVI. mendean zehar eta XVII. mendeko lehenengo hamarkadetan. Haren Erdi Aroko fisionomiatik gezileihoen hondarrak, inguruko defentsa-horma eta eraikinaren lehenengo bi mailak mantentzen ditu, ate puntadun eta leiho-multzoarekin. Gainontzeko altxaerak XVI. mendean hasitako berreraikitze-lanen ondorio dira.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun