Joseba Otondo alkatearen erranetan «oraino ez gara nahi dugun jangela eredura ailegatu, baina ginen tokitik nahi dugunerat ibilaldia hasi dugu. Ibilaldi horretan lehenengo pausua haur eskolako sukaldea muntatzea izan da». Udaleko ordezkarien erranetan tokiko elikadura sistema eta ekonomia autozentratua bulkatzeko pausu garrantzitsua da.
Haur eskolako sukaldean 15.000 euroko inbertsioa egin du Baztango Udalak eta buruilaren akaberaz geroztik, haur eskolan berean sukaldatzen da. Kristina Goñi zuzendariak erran duenez, eskolaren proiektuari bulkaldia eman dio honek eta hezkuntza eskaintzaren kalitatea handitzeko balioko du.
Udal agintarien erranetan sukaldea eta elikadura eskolaren proiektu pedagogikoaren barnean sartu dituzte, haur eta gurasoak elikaduraren garrantziaz ohartu daitezen.
Sukaldeak, aldi berean, lan-aldi erdiko sukaldaritza postua berria ekarri du.
Bertzalde, otorduei buruz lehendabiziko pausuak ematen hasi direla erran du Otondok. Otorduetako produktuak slow-foodek markatzen duen 0km kontzeptuaren barnean hornitu behar dira. Lekariak: garbantzu, dilista e.a. ekologikoak dira. Sasoiko elikagaiak eta freskoak izatea bulkatzen da, «nahiz oraino ez dugun hori inondik ere %100ean hala izaterik lortu». Helburua da ondoko aldirako menu guztiak urte sasoiaren arabera prestatzea bertako produktuak erabiliz eta ahal dela ekologikoak.
Bertzalde, aurtengo ikasturterako ere Baztango udalak Oronoz-Mugaireko eskolan sukaldea eta jangela egokitu ditu. Nahiz, kasu honetan, horren kudeaketa eskolako guraso elkartearena den.
Aipagarria da bertzalde, Baztango eskoletako jangeletan 440 otordu inguru ematen direla. Denera 200.000 euro baino gehiagoko aurrekontua mugitzen da eta 22 lanpostu sortzen ditu sukaldariak eta begiraleak kontuan hartuta.
Jangelatan aitzindarienak Amaiur eta Erratzukoak dira otorduetako produktu gehienak bere honetan erosten dituzte eta eskolan sukaldatzen.
Eskoletako jangelen artean udalak kudeatzen duen bakarra Haur Eskola da, gainerakoak gurasoek edo ikastetxeek egiten dute.