Hiru kana erdiko, 60 ontzakoa eta oinbikoa moztea zen lana, eta onena Lezaungo Juan Jose Lopez beteranoa izan zen. Bere denbora 16 minutu eta 52 segundokoa izan zen. Bigarren Arkaitz Jauregik bukatu zuen (17:16), hirugarren Luis Mari Txapartegik (17:22), laugarren Jesus Mari Mujikak (17:25), bosgarren Aratz Mugerzak (18:00) eta seigarren Zigako Joxean Etxeberriak (18:02). Finaletik kanpo gelditu ziren Oier Kañamares (18:23), Eloy Cortxero (18:24), Asier Pellejero (18:41), Iban Resano (18:51), Oihan Larretxea (19:36) eta Julen Kañamares (21:00). Finala azaroaren 4an, Iurretan jokatuko dute.
Urrezko kopa aizkoran eta harri-jasotzen
Igandean jokatu zen Bilbon, Deustun, Eusko Label Saria, Urrezko Aizkolarien Kopako kanporaketa, eta Jon Irazu izan zen garaile: hamar kana erdiko mozteko 29 minutu eta 30 segundo behar izan zuen. Aurkariak, Donato Larretxeak, 33 minutu eta 49 segundo egin zituen. Hala, Irazu hurrengo neurketara pasatu da eta Larretxea kanpoan gelditu da.
Harri jasotzen, Kirolbet Saria tarteko, ekitaldi berri bat jokatu zen eta hiru harri erabili zituzten, bakoitzarekin hiru minutuko txanda. Horrela, Josetxo Urrutia leitzarrak 100 kiloko zilindro zaharrari 29 jasoaldi eman zizkion, pisu bereko kubikoari 16, eta 19 jasoaldi ehuneko borobilari. Bere aurkariak, Xabat Olaizolak, 27, 17 eta 18 hurrenez hurren, guztira bi gutxiago, 62 jasoaldi.