Giro ederrean eta sorpresaz sorpresa joan dira Anizko bestak

Ttipi-Ttapa 2018ko urr. 9a, 07:20

50 urte bete dira bestak dataz aldatu zirela, abuztuaren 15etik urriaren lehenbiziko asteburura 

Eguzkia, beroa, euria eta hotza, denetarik izan dute aurtengo Anizko bestetan. Eguraldia lagun izan edo, giro ezin hobean pasatu dituzte. Ortziralean eguzkia jaun eta jabe izan zuten goizean goizetik, giroan ere nabari zen hori. Frontenis txapelketan izerdi ederrak bota zituzten aniztarrek, irabazleak Asier eta Izaskun izan  ziren.

 

Larunbatean paella lehiaketan hamabi lagun  lehiatu ziren, paella goxoena nork prestatuko. Berrikuntzla gisa gainera, antzerkia, ginkana eta jostetan aritu ziren parte hartzaileak herrian barna osagaiak bilatzen. Lukas  eta Aitorren paellak irabazi zuen aurtengoan, postrerik hoberena berriz, Naiarak egindakoa izan zen. Tripa bete ondotik, Tio Teronek eskainitako ikuskizun ederraz gozatzeko aukera izan zuten aniztarrek eta bertara hurbildu ziren gainerako herritarrek ere. 

Igandean, berriz, Anizko bestetako lehiaketarat aurkeztu ziren argazkiak ikusteko aukera izan zen. Argazki ederrena Arantxa eta Fermintxo eskutik hartuta San Juan suak saltatzen ageri zena izan zen, Kristinak irabazi zuen. Zikiro jate ondotik ezusteko bat baino gehiago izan zituzten.  Aurten bete dira 50 urte bestak dataz aldatu zirela,  abuztuaren 15ean ospatzetik urriaren lehenbiziko astebururat pasatu baitziren 1968.urtean. 50.urteurrena ospatzeko argazki emanaldia ikusteko eta bertso hunkigarriak aditzeko aukera izan zuten. Argazki emanaldiaren ondotik gainera, bi atzerritarren bisita izan zuten:  Donald Trump eta Kim Jong-un agertu ziren bazkaltiarrei bisita egitera. Iaz Rajoyrekin egin zen bezala, aurten bi agintari hauen kontrako tomate jaurtiketa egin zen. Bigarren ezusteko honen ondotik bingoan aritu ziren, Fermintxok eraman zuen saria. Muslari hoberenak berriz, Asier eta Maitane izan ziren. Akitzeko, sari banaketa eta sorpresa guztien ondotik karaokea izan zuten.  

Ikusten den bezala, sariz sari eta sorpesaz sorpresa pasatu dira aurtengo bestak, heldu den urtera artio.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun