Arras Baztan marka Elizondon aurkeztu dute

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2018ko urr. 5a, 07:36

Arras Baztan marka aurkeztu ondotik, mugarri berria ere aurkeztu uten. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Baztango Udalak, bertako eragile ekonomiko, kultural eta gizarte eragileekin batera sortutako nortasun marka da, Fundazio batek kudeatuko duena

Baztango Udalak hainbat eragile kultural eta sozioekonomikoekin batera, Arras Baztan marka sortu du. Honen harira, urriaren 4an, ortzegun goizean hedabideen aitzinean prentsaurrekoa eskaini zuten. Arras Baztan marka elkarlanean egindako proiektua izan da, hori dela eta aurkezpenean markaren garapen prozesuan parte-hartu duten eragileen ordezkaritza izan da.

 

Zehazki, Joseba Otondo Baztango alkatea; Mikel Altzuart, Baztango Zaporeak elkarteko lehendakaria, Maxux Goñi, Apopilo Elkarteko lehendakaria eta Itziar Luri, Labrit Ondarea-ko ordezkaria aritu ziren solasean.

Ondotik, eguerdian, Baztango Mugarri berriaren aurkezpena egin zuten Oronoz-Mugairin.

Arras Baztan marka, Baztango Udalak sustatutako lurralde proiektua da. Bertako eragile ekonomiko, kultural eta gizarte eragileekin batera sortutako nortasun marka. Marka honek baztandarren nortasuna barne bildu eta herritarrak elkarganatzeko tresna izateko jaio da.

Ahaztu gabe lurralde-identitateak eta lurralde-marken eraikuntza kolektiboak onurak dakartzala

bai gizarte arlora, bai ekoizpen arlora, bai eta komunitatera berera ere.

Eskualdeko garapen integralean modu sakon eta atzeraezinean eragingo duen egitasmo honek helburu zehatz hauek ditu:

- Lurraldean diharduten hainbat sektoretako pertsonen eta eragileen arteko elkarlana bulkatzea

- Barne indare guneak eta sinergiak ezagutzera ematea

- Herritarren dinamika soziala, ekonomikoa eta kulturala piztea

- Lurralde mugen barnean eta kanpoan nortasun berezia duen eskualde baten gisara sustatzea

 

Nola sortu da? 

Baztango Udalak sustatuta eta Europar Batasunaren FEADER/LGENF fondoen eta Nafarroako Gobernuaren finantzazioari esker prozesu sakon eta parte-hartzailea gauzatu da bailaran, haren rudiaren eraikuntza kolektiboa sustatzen duten teknikak erabiliz.

Helburua izanik bertako aktibo ukigarriak eta ukiezinak identifikatzea, hau da, aspektu bereizgarriak bermatzen dizkiotenak, Ondare Immaterialaren kudeaketaren eta etikaren ikuspuntutik gauzatu da prozesua.

Bide honetan emandako lehen pausua Baztango Ondare Immaterialaren bilketaren hustuketa eta azterketa izan da, iruditeria kolektiboari men egiten dioten ezaugarri nagusiak identifikatu ahal izateko. Horrezaz gain eragile zein herritarren ekarpenak ezinbertzekoak izan dira Baztango kontaera guztiak ezaugarritu ahal izateko. Gauzatutako prozesu parte-hartzailean 6 lan saio gauzatu dira, focus group edo eztabaida taldeen teknikaren bitartez, baita elkarrizketa pertsonalak ere. Orotara Baztango herri, adin eta profil sozioekonomiko guztietako 60 lagunek egin dute euren ekarpena.

Iturri hauetatik edan du eta edanen du Baztan Markak.

Proiektu honek 2014-2020 Landa Garapenaren programatik, aipatutako diru iturri horietatik 23.631,30 euroko diru-laguntza jaso du.

 

Arras Baztan Fundazioa

Arras Baztan Fundazioa, markaren kudeaketaz arduratuko den erakunde publiko-pribatua da.

Gaur egun martxan dauden ekimenak sendotu eta etorkizunean sortu daitezkeen egitasmo berriak sustatuko eta dinamizatuko ditu.

Bere izatearen helburu nagusiak, markaren helburuekin bat egiteaz eta haiek lantzeko konpromezua izateaz gain, honakoak izanen dira:

- Baztango garapen sozioekonomikoa bultzatzea.

- Bertako garapen jasangarria sustatzea, berezkoak dituen Paisaia Naturala eta Kulturala defendatuz.

- Lurraldea mugen barnean eta kanpoan nortasun berezia duen eskualde baten gisara sustatzea Baztan Marka.

- Baztango paisaia naturala bermatzen duen nekazal-abeltzantzaren produkzio estentsiboa bultzatzea.

- Lurraldeko sektore ezberdinetako pertsonen eta eragileen arteko elkarlana bultzatzea, eskualdeko interesko gaietan zein kalitateko nekazal, abeltzantza, turismo eta kultura zerbitzuetan.

Fundazioaren kudeaketaz arduratuko den Patronatuan hautetsi, teknikari zein eragile sozioekonomikoak ariko dira elkarlanean. Honela osatua egonen da: Baztango alkatea, turismo eta merkataritza zinegotzia, nekazaritza eta abelzaintza zinegotzia, Elizondoko Lanbide Eskolako zuzendaria, Cederna Garralurreko eskualdeko garapen agentea, Baztango Zaporeak elkarteko ordezkaria, Bertan elkarteko ordezkaria, Baztango Artisauak elkarteko ordezkaria, Apopila Baztango Alojamenduen Elkarteko ordezkaria eta Prest! Baztango Zerbitzu Turistikoen Elkarteko ordezkaria. Azken bi elkarte hauek berriki sortuak dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun