Azken urteetan, Amaiurko herriaren ekimenez, Baztango Udalaren kolaborazioarekin eta Aranzadi Zientzia Elkartearen indusketa lanei esker, aspaldiko gaztelua nolakoa zen azaleratzen joan dira. Jada Amaiurko Gaztelua lurpetik atera dute, ia bere osotasunean. Azken 13 urteetako indusketa lanei esker, harresiak, barneko egitura, aztarnak... azaleratu dira. Pasarela batzuk eta panelak jarri dituzte eta bisita ederra egin daiteke bertan. Igandean, aukera berezia izan zen, hamarnaka lagunek gozatu ahal izan zuten Aranzadiko Juantxo Agirrek emandako azalpen osatuekin. Amaiurko elizan hasi zen bisita, proiekzio bat eskaini zuten, azalpenekin, gero plazan Amaiurko herria eta bere historia ezagutzeko aukera izan zen, eta akitzeko, gazteluan borobildu zuten bisita.