Hamahiru urte pasa dira jada indusketa lan horiek hasi zituztenetik. Urtero, abuztuko lehenbiziko hamabortzaldian Aranzadiko boluntarioak eta Amaiurko herritarrak, Amaiurko gazteluan lanean aritzen dira eta urtez-urte egindako lanari esker, gaur egun, lehengo gaztelua nolakoa zen ikus dezakegu. Aurten, urtero bezala, kontsolidazio lanak egin dira eta sarbide berria ireki. Gainera 1 eta 2 sektoreen musealizazioa bukatu da.
Zabalkuntza honen berri emateko, Aranzadi Zientzia Elkarteak, Baztango udalak eta Amaiurko herriak bisita gidatua antolatu dute irailaren 30erako. Igande goizeko 11etan da hitzordua Amaiurko elizaren atrioan (ibilgailuak elizaren gibeleko aldean dagoen aparkalekuan utzi beharko dira, herrian aparkatzea debekatuta dago); 11:15ean hitzaldia eta proiekzioa izanen dira eta 12:15ean Gaztelura igoera eginen da Aranzadiko arkeologoen azalpenekin. Ordubete inguru iraunen duen bisitan parte hartzeko izena eman behar da, 609 393 443 telefonora deituz edo idazkaritza@aranzadi.eus epostara idatziz.