Erratzuko Altxuko denda eraldatzen ari dira ‘Negozio Eredua. Landa Merkataritza’ programaren eskutik

Ttipi-Ttapa 2018ko ira. 25a, 10:31
Koldo Uribe-Etxebarriak kudeatzen du Erratzuko Altxuko denda.

Nafarroako Gobernuaren programa 2.500 bizilagun baino guttiago dituzte herrietako landa merkataritzari lagundu nahi dio

Nafarroako Gobernuko Turismo eta Merkataritzako Zuzendaritza Nagusiak Hurbiltasunezko Txikizkako Merkataritza Bultzatzeko 2018-2020ko Planari atxikita bultzatu duen “Negozio Eredua. Landa Merkataritza” programa maiatzean abiarazi zen, 2.500 bizilagun baino gutxiago dituzten herrietako landa merkataritzari negozioak eraldatzen eta bertako bezeroen nahiz turisten beharrak aztertu eta hauei erantzuteko eredu berri bat finkatzen lagunduko dien laguntza eta prestakuntza eskaintzeko asmoz. Programa honetan Nafarroako bortz landa saltoki eraldatzen ari dira, tartean Erratzuko Altxuko denda.

 

Eredu honen abiapuntu gisa, premiazko eta oinarrizko elikagaien salmentarekin konbinatu nahi dira produktuen dastaketak (bereziki, bertako produktuenak), informazio turistikoa emateko aukera eta herriko bizilagunei zuzendutako paketeria eta bestelako produktuak jasotzeko zerbitzua, besteak beste. Eredua establezimenduetan aplikatzeko modua bakoitzaren ezaugarrien arabera landu eta jabeekin batera gauzatuko da.

Hautaketa prozesua maiatzean hasi zen, eta 20 kontsultari erantzun ondoren, azkenean 9 eskaera aurkeztu ziren. Aldez aurretik zehazturiko balorazio-irizpideen arabera, bortz saltoki hautatu ziren: programa osoan parte hartuko duten Altxuko denda, Erratzun; Iratiko Ekoizpenak, Orbaran, eta Erletxo, Otsagabian, eta ondorengo fasean gaineratuko diren San Martin Unxeko La Tienda eta Pueyoko Solanoa.

Programa Nafarroako garapen-agentzietako pertsonalaren lankidetzaz gauzatzen ari da, horiexek baita Nafarroako esparru desberdinetako enpresa-jarduerak zein ekintza-proiektuak eta gizarte-beharrak ongien ezagutzen dituztenak. Horrela, pertsonal horrekin landu da programaren definizioa eta saltoki bakoitzean abiatu beharreko ekintza-proposamenen garapena, gauzatzea eta ondorengo jarraipena. Programak lau fase ditu eta egun 3. fasean murgilduta dago: tokian tokiko saltokiekin lan egitea eta formakuntza espezializatua kudeatzea.

 

Formakuntza indibidualizatua saltoki bakoitzarentzat

Prozesu osoan erabilitako metodologia Lean StartUp deritzon ekintzailetza-metodoan oinarritu da. Etengabeko ikaskuntza eta hobekuntza da metodo horren oinarri nagusia. Bezeroari eta honen jokabideari buruzko ezagutza sakona abiapuntutzat harturik, etengabeko kontrastea giltzarri duen sistemaren araberako negozio eredua eraikitzea du helburu, ahalik eta denbora eta baliabide gutxien erabiliz eta emaitzak ahalik eta gehien hobetuz.

Programak formakuntza espezializatua eskaintzen die atxikitako saltokiei nahiz Nafarroako garapen-agentzietako pertsonalari, eta horrekin batera, formakuntzan zehaztutako komunikazio, salmenta eta komertzializazio bisualaren arloetako adituekin landutako tutoretza indibidualizatuak ditu, programari atxikitako saltokien sustatzaileen beharren arabera.

Zehazkiago erranda, “Zure landa saltokia mapan” deritzon gaian, edukiaren helburua dendaren komunikazioa bultzatu eta saltokia ezagutzera ematea da (online eta offline komunikaziorako plana, ohiko komunikazioa eta publizitatea, presentzia digitala, edukiak sortzeko estrategiak eta diseinatzeko tresnak). “Visual Merchandising” delakoan, dendaren proiektua garatzeko modua aztertzen da: salmenta-puntuaren diseinua, salmenta-puntuko joan-etorriak, argiztapenaren garrantzia, seinaleztapena, produktuaren kokapena edo erakusleihoaren diseinua, besteak beste.

Azkenik “Nire saltokiko salmenta hobetzeko giltzarrizko trebetasunak” izenburua daraman atalean, dendaren bereizgarriak eta bezero-motak identifikatzen dira, bezeroek dendaren balioaz duten pertzepzioa, bezeroarekiko sintonia eta lotura sortzeko modua, salmenta erraztuko duten gomendio onak, eragozpenak edo itxiera saihesteko erak eta hurrengo salmenta aurreratzeko moduak argitzeaz gain.

Laugarren fasea azarotik abendura bitartean egingo da, eta horren barnean, ezarritako ekintzen jarraipena egin, emaitzen bukaerako balorazioa landu eta antzemandako behar osagarrien errepasoa egingo da, programari buruzko azken ondorioak eta balorazio orokorra lortzeaz gain.

 

Landa merkataritza, negozioa baino zertxobait gehiago

“Negozio Eredua. Landa Merkataritza” programaren bitartez, Turismo eta Merkataritzako Zuzendaritza Nagusiak familia nahiz bizimodua finkatzen lagundu nahi die tokikoaren balioaren alde eta herriko nahiz inguruneko sustraiei eustearen alde apustu egin duten ekintzaileei. Herri txikietan negozioa izateak dakartzan zailtasun erantsiei aurre eginez.

Pertsona hauek ingurunearekin eta bertako bizilagunekin duten lotura emozional eta erlazional handia saltokia bisitatzen duten turistei ere helarazten diete. Etxekotasun eta enpatia hori igortzen diete, eta produkturik onenak eta ingurunean bisitatu beharreko lekurik onenak gomendatzen dizkiete, etxera itzultzen direnean etxekoekin nahiz lagunekin bidaiaz mintzatu eta herri horien dibulgatzailerik onenak bihur daitezen.

Merkataritza sektoreak aberastasuna, ongizatea eta bizi-kalitatea eragiten dakarzkie herritarrei, eta gizarte nahiz hiriko bizitzaren osagai dinamizatzaile eta egituratzailea da. Landa ingurunean, are beharrezkoagoa eta funtsezkoagoa da jarduera hau sustatzea. Biztanle kopuru eskasak, sabanaketa geografikoak, komunikazio zailak eta kontsumo-maila baxuak ekimen pribatua eragotzi ohi dute. Alabaina, funtsezkoa da kalitateko eskaintza komertziala mantentzea bertan bizi direnei zein turistei zerbitzua eman ahal izateko.

Maila emozionalean, familiarrean nahiz ekonomikoan negozioarekin estu-estu lotuta dauden pertsona hauek herrikide gisako zerbitzua eskaintzen diete beraien herriei. Eta turistaren nahiz egoiliarraren behar berrietara egokitzeko eta hobetzeko duten beharraren ondorioz, programa honek eskaintzen dien laguntzaz profitatzea erabaki dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun